Bere txikitasunean, handi

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2008ko ots. 11a, 19:02

Aurreko batean, irratian bertsolaritzari buruzko programa bat entzuten ari nintzela, Lazkao Txiki zenaren  grabatutako bertso bat jarri zuten. Bertsoa bera ez zitzaidan gogoan gelditu, bere izena entzun orduko duela bospasei urte Xabier Euzkitzek Sorginen laratza saioan kontatu zuen pasarte bat etortzen baitzait beti gogora. Baten batek gogoratuko du beharbada baina, pasarte hauxe kontatu nahi nuke segidan, bere plazagizon eta bihurritasuna noraino iristen zen ulertzen lagunduko duelakoan.

 

Kontua da, herri txiki bateko festetan, Xabier Euzkitze, Lazkao Txiki eta beste pare bat bertsolari bildu zirela oholtzara igo eta bertsotan hasteko. Lazkao Txikik plaza mordoa eginda izango zituen dagoeneko, baina Euzkitze bera hasi berria zela uste dut. Oso gaztea oraindik.

 

Horretan behintzat, saioari ekiteko minutu gutxi falta zirela, Lazkaoko bertsolariari txiza irten zitzaion, praketan arrasto nabarmen samarra uzteraino gainera. Prostatan arazoren bat izango zuen agian, auskalo. Urduri antzean jarri zen nonbait bera ere, normala den moduan, eta urduriago ipiniko zen antolatzaileek oholtza gainera ateratzeko unea heldu zela esan ziotenean. Euzkitze eta beste bertsolariek, lagundu nahian, bidali zuten mutil kozkorren bat inguruko etxeren batera, ahal bezain praka txikienak lehenbailehen ekartzeko erregutuz. Oholtzara ateratzeko ordua heldu zen bitartean, eta bertsoak entzutera bildutako jendea, zain. Horretan heldu zen mutikoa azkenik, kostata bada ere. Lazkao Txikik galtzak probatu eta.... kabendiossss!!!! Handiegiak edo txikiegiak, ez dakit zer ekarri zioten, baina ez ziren behintzat jende aurrera azaldu eta bertsotan hasteko modukoak. Eta orain zer? Pentsatuko zuten bertan zirenek.

 

Nolabait atera egin behar zen trantze hartatik, eta norbaitek ez ateratzeko eskatu ziola uste dut, memoriak ez badit hutsik egiten behintzat. Baina berak irten egin nahi zuen, antolatzaileen aurrean gaizki geratuko zenaren beldurrez edo.

 

-Eta zer aitzakia ipini behar duzu ikusten zaituztenean?- galdetu zion norbaitek.

-Zerbait pentsatuko diat- Lazkao Txikik azkar erantzun zuen orain, aurrez izandako urduritasunak atzean utzita.

 Gauzak horrela, atera ziren azkenean lau bertsolariak jende aurrera, beste hirurak Lazkao Txiki baino urduriago. Eta badakizue zer esan zuen Lazkao Txikik bere lehen bertsoa bota zuenean? Egia. Praketan txiza irten zitzaiola esan zuen lehenengo bertsoan. Jendea barrez algaraka, hauxe Lazkao Txiki esanez, inork ez baitzion sinetsi noski, saioa hasterako nahita praketan ur pixka bat bota zuelakoan. Imajina ditzakegu Euzkitze eta beste bertsolarien aurpegiak ere, elkarri begirada esanguratsuak botaz. Nork sinetsi behar zion baina? Ordurako bihurri fama ondo irabazita zuen Lazkaoko bertsolari apartak. Bere txikitasunean, handia zen gero.