Egun berean lau

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2008ko ots. 27a, 23:02

Atzo gauean gaur egun albistegia ireki zuen notiziak erreakzionatu ezinik utzi ninduen. Espainiako estatuan lau emakume erail zituzten beraien senar edo bikoteek egun berean. Urtea hasi zenetik ez dira bi hilabete pasa, eta dagoeneko hamazazpi dira gizon ilun, odolzale eta jeloskorren eskuetan hil behar izan duten emakumeak. Gehiegi, zalantzarik gabe.

 

Labanaz akabatu zituzten bi. Madrilen bata eta Cadizen bestea. 22 urte bakarrik zituen lehenak, eta esan daiteke bizitzaren ederrenean zegoela ebaki dizkiotela hegoak.

 

49 urte zituen labanaz eraildako bigarrenak, eta bere senarrak hil zuen. Puerto de Santamaria kalean diskusio bat izan zuen bikoteak, eta gizonak burua galdu zuen. Tratu txarrengatik aldenduta egotera behartuta zegoen, baina legeak ez du gehiegi funtzionatzen antza.

 

Beste biak tirokatuta hil ziren. Valentzian bat eta Valladoliden hurrena. 44 urte zituen Culleran hil zuten emakumeak. Lasai asko zegoen, terraza batean eserita eta lagunekin hizketan, bere bikote ohia etorri eta tiro bat jo zion arte. Gizon hau ere aldenduta egotera behartuta zegoen.

 

54 urte zituen lau emakume hauetan eraildako azkenak. Bere senar ohiak hil zuen tiroz, eta gero bere buruaz beste egin zuen. Ez zuen nonbait beste mundura bakarrik joateko adorerik bildu, koldar halakoak. Hogei urtez egon ziren aurrez ezkonduta, azken bi urteetan bananduta bazeuden ere.

 

Neska batekin gai honi buruz hitz egiten egon nintzen duela aste batzuk. Bera erabat sinetsita zegoen telebistan kasu hauek aipatzeak ikaragarrizko kaltea egiten diola gizarteari orokorrean, eta emakumeei zuzenean. Gizon batzuengan efektu okerra sortzen zuela, ideia ankerren pizgarri bezala. Egun horretan ez nintzen ni bat etorri, gizartearen aurrean kasu hauek salatzeak eta erakusteak emakumeak babesteko lege zorrotzagoak sortuko dituela uste baitut. Baina azken kasu hauek entzunda ez nago horren seguru, korapilatsua baita kontua benetan...

 

Jose Saramago idazle Portugaldarrari telebistan egin zioten elkarrizketa bat gogoratu dut gero. Beti esaten du Saramagok interesgarria den zerbait, edozer gauzez galdetzen diotela ere. Elkarrizketaren une batean, emakumeen aurkako indarkeriaz galdetu zioten, ea iritzirik eman nahi zuen.

 

Baietz esan zuen berak, eta tarte batean isilik geratu zen. Egun batzuk aurrerago, arazo honi aurre egiteko manifestaldi batean egona zela. Manifestaldia emakumeek antolatua zutela eta jende pila zegoela. Guzti hori oso ondo zegoela gaineratu zuen, baina bazela guzti horretan akats handi bat: ia gizonik ez zegoela bertan. Eta honela amaitu zuen:

 “Iritsiko da arazo honen aurrean gizonek pauso bat aurrera eman beharko dugun eguna. Gaixorik dagoen gizarte baten arazoa baita hau, ez emakumeena soilik. Eta gizonak kalera irten eta emakumeak babestu behar ditugula oihukatzeko ausardia lortzen badugu, baliteke beste gizon batzuek beraien bikoteak jo aurretik bi aldiz pentsatu behar izatera behartzea.”