Erdikaleko desertua

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2008ko ira. 9a, 17:09

Lehengo Larunbatean pare bat trago hartzen izan ginen Etxezuri inguru horretan afari baten ondoren. Hamabiak aldean iritsiko ginen bertara eta ez zegoen ia inor.

 

Harritu egin nintzen eta, lagunei komentatu ostean, aurreko Larunbatean berdin-berdin gertatu zela esan zidaten. Korrale itxita zegoen eta Txarrantxa ere bai antza. “Abuztua pasatu duk ba,” esan nuen neurekiko. Obrak direla eta, erdikalea ez dago oso polita ere baina, ez dut uste horren jende gutxi ibiltzeko aitzakia denik hau.

 Zer arrazoi gehiago egon daitezke egoera hau azaltzeko? Zestoako festak ziren, eta baliteke gazte askok bertarako bidea hartzea. Logikoa dirudi. Delako krisi ekonomikoak zerikusirik ba ote du? Honek ere izan dezake bere pisua. Jendearen joera eta gustuak, bereziki gazteenenak, aldatzen ari ote dira? Orain dela hamabost edo hogei urte Ostiral gauek indar handia zuten Azpeitian. Saltsa egoten zen taberna eta kaleetan, asteburuaren hasera ospatzen hasteko modu bat zen. Berdina gertatuko ote da Larunbatekin ere?