Irakurlea

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2009ko mar. 23a, 15:03

 

Irakurlea. El lector. The reader. Duela gutxi estreinatu den pelikula berria. Entretenitua. Eta hasiera batean dirudiena baino sakonagoa. Amaitzen denean ikusi duenarengan arrasto bat uzten duen horietakoa. Bernhard Schlink-en nobelan oinarrituta dago. 1958 eta 1995 urteen artean kokatzen da istorioa, Berlinen. Munduko bigarren gerraterik ez zaigu filmean zuzenean azaltzen, baina badu bere pisua argumentuan, protagonistetako batek sekretu bat duelako honen inguruan. Dena den, ez naiz xehetasunetan sartuko, ez diot pelikula ikusi nahi duenari amaiera izorratu nahi.

Kate Winslet aktoresa Ingelesak antzezle hoberenaren Oscar saria lortu du lan honengatik. David Kross eta Ralph Fiennes aktoreak dira beste bi protagonistak. Ondo betetzen dute bere lana.

Ez nuke nahi Stephen Daldry zuzendari Britainiarra aipamenik gabe utzi. Ikusten dudan bere hirugarren filma da. Eta hirurak gustatu zaizkit. Hau ez da kasualitatea, zine munduarekin nahiko kritikoa bainaiz normalean, ez zait edozer gauza gustatzen. Daldry 1998. urtean hasi zen ezaguna egiten, Billy Elliot filma zuzendu zuenean. Edozein prezioetan dantza egin nahi duen mutiko Ingeles baten istoria kontatzen zaigu bertan. Bere ingurua ez da artearen munduan aurrera egiteko aproposena, baina mutikoa tematia da, oso.

Bigarren filma 2001ean zuzendu zuen Daldryk. Las horas izena du eta Virginia Woolf idazlearen bizitzako une batzuk agertzen dira bertan, besteak beste. Nicole Kidman-ek burutu zuen lan hau. Pelikula makal eta triste samarra da batzuen ustetan, baina niri gustatu zitzaidan. Badu berezia egiten duen zerbait.

Daldryren hirugarren filma The Reader da, 2008koa. Goian aipatu dudana.

Beste datu bat bitxikeri moduan: hiru pelikulak egon dira Oscar saria lortzeko izendatuta. Baina hiruretako inork ez du irabazi. Bide horretatik jarraitu ezkero, Daldryk lortuko du egunen batean saria. Opa diot.

Daldry-ren zinemaz gozatu nahi baduzue, aukeratu hiru pelikula hauetako bat. Ea gustatzen zaizuen.