Sicko

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2009ko eka. 9a, 13:06

Michael Moore zuzendari Amerikarraren azken dokumentala da Sicko. Dokumental eder bezain interesgarria. AEBen osasun zerbitzuak nola funtzionatzen duen erakusten diguna. Estatu batuarren lotsa eragiten duena. "Aukeren lurraldea" bezala saldu izan digute beti, baina gauza batzuetan (osasun zerbitzuan adibidez) norainoko atzerapena duen garbi erakusten du.

Gauza asko ikus daitezke dokumentalean. Adibidez, bertako enpresa farmazeutiko erraldoi eta osasun pribaturako segurantza etxeek eginiko gehiegikeriak. Diru eta botere gose direnek egindako astakeriak.

2001eko Irailaren 11an dorre bikien aurka egindako erasoen ondorenak ere agertzen dira. Suhiltzaile eta borondate onez beteriko lagun pila batek egin zuten lan orduan erreskate lanetan. Heroitzat hartu zituzten hasiera batean (suhiltzaileak bereziki) baina dokumentalean gaur egun ia ahaztuta daudela ikusiko dugu.

Kanada, Frantzia eta Ingalaterrara bidaiak egiten ditu Moorek dokumentalean. Herrialde hauetako osasun zerbitzuak AEBekikoekin konparatu nahi ditu. Entzuten duenaren aurrean erreakzionatu ezinik geratuko da zuzendaria.

Eta amaieran Kuba bisitatuko du. Kuba, horrenbeste urtean Estatu batuen blokeo injustu eta irrazionala jaso duen herrialdea. Michael Moorek Irailaren 11aren ondorengo biktima batzuk eramango ditu bertara, AEBetan inork ematen ez dien laguntza bilatzeko esperantzan. Kuban zer jasotzen duten ikusi nahi baduzue, ikusi dokumentala.

Osasuna oso garrantzitsua da, horretan denok izango gara ados, uste dut. Osasuna bezalako arlogarrantzitsuek ezin dute enpresa pribatuen esku sekula egon. Herrialde bateko pertsona guztiek eskubide berdinak izan behar dituzte osasuna, heziketa edo justizia bezalako esparru desberdin eta oinarrizkoenetan. Horrela izan ezean, herritarren arteko berdintasunik ez da lortuko inoiz. Eta aberats eta behartsuenen arteko leizea gero eta handiagoa izango da.

Berriz esango dizuet, agian astun samarra izaten ariko naiz baina: ikusi dokumentala. Benetan merezi du. Ez hanka eta ez buru ez duten pelikula txoro eta inozoak ikusten ibiltzen gara askotan. Eta pelikularen amaieran konturatzen gara bi ordu galdu ditugula ia argumenturik ere ez zuen txorakeria bat ikusten.

Dokumental honekin ez da hori gertatzen. Asko ikasi daiteke eta hemen osasun zerbitzua doan edukitzeak zer abantaila ematen dituen konturatuko gara. Eskerrak ematen amaitzen duzu azkenean. IKUSI.