Schindler-en lista

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2012ko eka. 23a, 17:21

 

Ostiral gauean, sekula egin duten filmarik hoberenetariko bat bota zuten telebistan, Schindler-en lista. Badira denok irakurri edo ikusi behar genituzkeen liburu edo pelikulak eta hau horien artean dago dudarik gabe.

Pelikula hunkigarria da, ederra, krudela, gogorregia une askotan, gorputz osoko ileak puntan jartzen dituen horietakoa. Lanak ematen ditu benetan gizakiok horren miserableak izatera heldu gaitezkeela pentsatze hutsak.

Gerra baten erdian sekula izan ez garenok nekez ulertu dezakegu gatazka batek berarekin ekar ditzakeen ankerkeria, basakeria, miseria,gorrotoa, beldurra, gosea, pobrezia….

Batzuei gogorregia egiten zaie horrelako pelikulak ikustea. Ezin dute jasan. Pentsa zer izan behar duen patuak horrelako une eta leku baten erdian uzten bazaitu.

Agian gerra batetik igaro ez denak ez daki bakea zein eder eta beharrezkoa den. Beharbada hobeto ulertuko du askatasuna zer den kartzelatik igaro den edonork.

Pelikula gehienak bizitzan behin ikusita nahikoa da. Beste batzuk ez dute ikustea merezi. Beste batzuk, gutxi batzuk, behin baina gehiagotan ikusi beharko genituzke. Schindler-en lista da horietako bat. Ez ahazteko. Eromenak mugarik ez duela gogoratzeko. Gertatu zela gogoratu eta gehiago inoiz gertatu ez dadin ziurtatzeko. Inoiz ez.