Gustatzen zait

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2013ko ots. 4a, 16:48

- Gustatzen zait gauetan ohean sartu eta euriaren soinua entzuten egotea.

- Salako argiak itzali eta musika ozen entzutea.

- Eguneko ordu guztiak okupatuta ez edukitzea.

- Udan, hogeita hamabost gradu egiten dituenean, zerbeza bat astiro edatea.

- Pelikula edo libururen batek niretzat garrantzitsua den zerbait adierazi eta erdi negarrez hunkituta uzten nauenean. Ez zait askotan gertatzen baina.

- Noizean behin, ondo egindako txuleta bat jatea.

- Neguko arratsalde desatsegin eta hotzetan, txokolate beroa prestatu eta ogia, mermelada eta mantekillaz bustita jatea.

- Ordenagailu aurrean jarri eta sentitzen dudana deskribatzen saiatzea.

- Nire iloba Peruk begiradan ageri duen inozentzia, gardentasun edo jakinmina. Umeek bakarrik sortarazten dizuten eta deskribatzen ez dakidan zera berezi hori. Gustatzen zait bizitzak etorkizunean zer eman diezaiokeen imajinatzea.

- Miresten dudan jendearen elkarrizketak irakurtzea.

- Dutxan sartu eta ur beroak ematen dizun sentsazioaz gozatzea.

- Lagunekin bazkari bat egin ondoren bi edo hiru orduz hitz egiten egotea.

- Idatzi dudan zerbaitek saiatzeak eman dizkidan buruhausteak merezi zuela pentsatzea.

- Gustatzen zait Ez zait gustatzen idatzi nuenean lagun batek berari gustatzen zaizkion gauzetaz nola idatzi zidan email bidez.

-Gustatzen zait inori min fisiko edo emozional handirik ez diodala egin pentsatzea, ez behintzat intentzioz. Kontzientzia lasai izatea gauza handia da.

- Gustatzen zait (miresten dut) atsekabe, tristura, gaixotasun eta arazo guztien aurrean borrokan jarraitzen duen jendea.

- Gustatzen zait gustatzen zaizkidan beste gauza batzuk hemen idatzi ez izana.