Saltokitik Enpresara programa aurkeztuko dute asteazkenean Azoka Plazan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2024ko mar. 11a, 12:16
(Argazkia: Pixabay)

Merkataritza jarduera duten establezimenduei aholkularitza aditua eskaintzea helburu duen programaren xehetasunak eta bertako merkatarien esperientziak azalduko dituzte etziko saioan. Parte hartu nahi dutenek Bertanen edo Iraurgi Berritzenen eman dezakete izena.

Saltokitik Enpresara programaren 2024ko eskaintza ezagutzeko aukera izango dute etzi, asteazkena, Azpeitiko eta Azkoitiko merkatariek. Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailak bultzatutako eta %100 finantzatutako programa da Saltokitik Enpresara, merkatariei bideratutako doaneko programa da, eta merkataritza jarduera duten establezimenduei aholkularitza aditua eskaintzea da eskaintzaren helburua. Hain zuzen ere, beren saltokiaren kudeaketa eta lehiakortasuna hobetzeko aholkularitza zerbitzua jasotzen dute programan parte hartzen duten merkatariek, aplikazio errealekin: establezimenduaren argazkia bezeroekiko zein lehiakideekiko, merkatua, kudeaketa tresnak (kudeaketa ekonomikoa, erosketak...), planifikazioa... Saltokitik Enpresara programaren eskaintza banakako zein taldeko saioetan egituratzen da, eta saio guztiak merkatarien ordutegira egokituta egoten dira.

Saltokitik Enpresara aurkezteko etziko ekitaldia Azpeitiko Azoka Plazako lehen solairuko aretoan izango da, 15:00etatik 16:00etara: lehen ordu erdian, Euskaliteko kideek programaren xehetasunak azalduko dituzte; bigarren ordu erdian, berriz, praktika onen adibideak ezagutzeko parada izango dute saioan parte hartzen dutenek, Koket arropa dendako Karmele Zabaletaren, Makibar elikadura dendako Edurne Saenz de Samaniegoren eta Prest tindategiko Ana Bastidaren eskutik.

Ekintza hau Azkoitiko Herrixen eta Azpeitiko Bertan merkatari elkarteen eta Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen agentziaren laguntzarekin, eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalen babesarekin gauzatuko da.

Parte hartzeko interesa izanez gero, bi herrietako merkatariak beren elkarteekin jar daitezke harremanetan; eta elkarteetako kide ez badira, Iraurgi Berritzenekin. Hauek dira harremanetarako pertsonak:

  • Herrixen, Azkoitiko merkatarien elkartea: Sara Rodriguez (608 31 30 24 telefono zenbakia).
  • Bertan, Azpeitiko merkatarien elkartea: Xabier Aldalur (688 82 39 44 telefono zenbakia).
  • Iraurgi Berritzen, eskualdeko garapen agentzia: Alazne Larrañaga (688 71 87 77 telefono zenbakia).