Korapiloa

Atzetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Uranga 2024ko urt. 24a, 09:00
Done Jakue kalea, eskubian, parrokiako kanpandorretik Alde Zaharrari ateratako argazkian. (Maialen Etxaniz)

Nerea Urangak 2024ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzia artikulua da honako hau.

Zenbat umetako oroitzapen haritz zaharraren bueltakoak; ez, ordea, kale horretan bizi izan ginelako. Kalea zen gure jolaslekua, eta eskolarik ez genuenetan, herriaren eta inguruko zelaien eta basoen konkistan ateratzen ginen auzoko muturzikinak, denok bat eginda, harro. Uda sasoian, lehortea zela-eta ura mozten zutenean, kuadrillan marmita hartuta etxerako ur bila Sagastizabalgo iturrira edota Abitaingo albergara joaten ginen. Herriko parke bakarra ere alberga ondokoa zen guretzako. Kale hori ez genuen izen bakarrarekin ezagutzen, gutxienez lau zati bazituen: iturri txikiye, pelotalekue, parkie eta albergie. Guretzako ez zegoen Santio kalerik orduan, gutxiago Done Jakue kalea izenekorik. Orokorrean izendatu edo aipatu behar bagenuen, pelotalekue zen guretzako.

Saninazioak iritsitakoan, pilotalekuan jartzen zituzten tiobiboak; noria, kulunkadun zaldiko-maldikoa eta balantzea bai behintzat. Akordatzen naiz, urte batean, noriako tiobibozaleak tximino bat ekarri zuela, eta haren sorbalda gainean egoten zela animalia. Beldur pixka bat pasatu genuen noria hura herrian egon zen egunetan, esames ugari zabaldu zirelako gure artean: "Tximinoak alde egin eta hortzaka egiten zuela...". Balantzean muntatzen ginenetan, berriz, inpresioa egiten zuen, gorakoan ia-ia Gernikako arbolaren adarrak jotzen zituelako.

Iazko azaroaren 22an erori egin zen Done Jakue kaleko Gernikako arbola –Gernikako arbolaren kimutik edo ezkurretik hazitakoa–. Gertaera horrek haurtzaroko oroitzapenak ekarri zizkidan gogora. Auzoko zahar eta gazteak elkar zainduz, jolastuz eta euskaraz pasatzen genituen momentuak, alegia.

Imanol Eliasen Efemerideak liburuko erreferentzien arabera, 1905ean ekarri zuten Gernikako arbolaren kimua Azpeitira, eta 1912an erabaki zuten Done Jakue kalean jartzea. Ordutik, hainbat gertaeraren lekuko izango zen.

Azpeitiko haritz zaharra zenari lotuta, hona gertaera bat gogora: 2017ko irailean, Azpeitia eta Hazparne herrien arteko senidetzearen 30. urtemuga ospatu zuten Lapurdiko herrian. Senidetza irudikatzeko, Azpeitiko Gernikako arbolaren kimu bat landatu zuten Hazparneko belardi batean orduko bi herrietako alkateek. Eneko Etxeberria zen orduan Azpeitiko alkatea, eta zuhaitzak "sinbolismo handiko" elementuak direla adierazi zuen: "Zuhaitzek erakusten digute landatzean ez direla berehala hazten; horregatik, etorkizunari begira landatu behar dira. Norberak ez du ikusten zuhaitzaren bukaera, baina etorkizunean ikusten da zuhaitzaren fruitua. Kasu honetan, zuhaitzak ematen digu euskara eta ematen digu aukera hemen gu guztiok euskaraz jarduteko, eta hori oso fruitu garrantzitsua da guretzat".

Ez dakit zein izango den Hazparnen landatu zuten kimuaren sasoia, ezta Azpeitian erori denaren tokian zerbait landatuko ote duten ere. Dena den, herrian euskarak fruituak ematen jarrai dezan, sortu dira kimu berriak –Euskara Mahaia, Zaparraie euskara taldea, Euskara eta kulturartekotasuna proiektua...– eta horiek zabal ditzatela adarrak herrian barrena.