Celine eta...

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta | Artikulua
2011-02-11 14:02

EL DIARIO VASCO-n argitaratua - 2011-2-11

Celine eta ...

Idazle ona izateko ez omen dago derrigor pertsona ona eta zintzoa izan beharrik. Literaturaren historia horrelakoa ez den jendearen izenez gainezka omen dago. Zer zaila den auzia. Jenio bat izateak ez du inor libre uzten ezertatik, adibidez, erreakzionario huts, arrazista, nazi edo gaizkilerik gaizkileena izatetik. Non leudeke guztiz aintzat dauzkagun gure zenbait jende? Ahaztu egin behar ditugu ala gogoratu? Badago erdibiderik?

Frantzia izan da oraingoan erabaki beharrean gertatu eta erabaki duena. Judu deportatuen seme-alaben elkartearen eta zenbait erakunderen eskariz kultur ministroak Louis-Ferdinad Céline idazlearen izena kendu du ospakizun nazionaletako zerrendatik. Kultur ospakizunetarako merezimenduak, merezimendu artistiko literarioak, sobera zituen orain berrogeitamar urte hil zen idazleak. Gauaren muturrerainoko bidaia  edo Mort a crédit aski ditu Proustekin batera Frantziako XX. mendeko nobelagilerik garrantzitsuena izateko. Hala ere nobelagileari gain hartu dio, kasu honetan, bere antisemitismoak eta okupazio garaian naziekin izan omen zituen kolaborazioak. Holandak, nonbait, salbatu zuen heriotza ia seguru batetik liberazio sukarrez itsutua zegoen Frantzia epaiketa duin bat egiteko gai izango ez zen argudioarekin estradizioa eragotziz.

Zeinen garbia den ministroaren erabakia eta zenbat zalantza eragiten didan. Hamar urtetik gora da Miranderi buruzko katalogo baten sarrera instituzionala egin beharrean gertatu nintzela. Eskuak eta pultsuak dardar egin zidaten… zalantzaz, ikaraz, atzera egin nuen. Gaur ez daukat orduan baino zalantza izpi bat gutxiago..

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa