Piaspe proiektu eolikoa

Piaspe proiektu eolikoaren kontrako kanpaina abiatu du Sañu Bizirikek

Alegazioak sinatzeko mahaiak jartzeaz gain, otsailaren 28an batzar informatiboa antolatu dute, "herritarrek zor zaien informazioa jaso dezaten".

Orain egun batzuk Euskadiko Buletinean aurkeztu zen Sañoan egin asmo den Piaspe Zentral Eolikoaren Oinarrizko Proiektua eta Ingurumen Inpaktuaren Azterlana. Proiektuak azaltzen duenaren arabera, industria gune horrek Errezil, Zestoa eta Azpeitiko lurrei eragingo die. Argitaratze horrek martxan jartzen du, beraz, herritarrek alegazioak egiteko fasea.

Sañu Bizirik taldean argi dugu proiektu horrek herritarrei, landa lurrei, natur ondareari… eragingo dien kaltea, makroenpresen diru gosea asetzeko eta sistema dagoen horretan mantentzeko besterik ez dela proiektua. Berdetzat saldu nahi diguten energia honek, gelditzen zaizkigun berdegune urriak suntsitzeaz gain, herrialde pobretuetako herritarren esklabotza eta haien lurren espoliazioa ezinbestekoka ditu.

Piaspe proiektuaren nondik norakoak eta atzetik duen guztiaren berri emateko, batzar informatibo irekia antolatu dugu Sanagustin kulturgunean otsailaren 28rako, 19:00etan, herritarrek zor zaizkien azalpenak jaso ditzaten.

Hamaika arrazoi ditugu proiektu honen aurka egoteko. Horregatik, dei egin nahi diegu herritarrei hurrengo asteetan herriko hainbat puntutan jarriko diren mahaietara joateko eta herri alegazioak sina ditzaten.

Mahaien kokapena eta ordutegiak honakoak izango dira:

  • Astearte goizetan, 10:00etatik 12:30era, Azoka Plazan.
  • Ostiral arratsaldeetan, 18:30etik 20.00etara, plazan.
  • Larunbat goizetan, 12:30etik 14:00etara, Sanjuandegin, Baigera aurrean.
  • Larunbat arratsaldeetan, 18:30etik 20:30era, plazan.