Anoetako seme-kuttun

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2005ko urr. 3a, 20:10

Anoetak gehien maite duen jokalaria. Etxekoa, ona eta zintzoa. Izar izateko jaio eta, apal-apal, besteek adina lan eginez bizi. Asko egin du eta urrutira iritsi da baina oraindik ere gehiago eskatzen diogu. Agur esaten duenean jokalari handi baten arrastoa utzita joan behar du.

Aurreneko aldiz, Betharramdarren patioan ikusi nuen. Sei urte zituen eta Margarito zuen entrenatzaile. Txundituta utzi ninduen. Mukizu hark bera baino hiru urte zaharrago zirenei parre egiten zien. Neure eskuetatik ere pasa zen eta ez nuen izorratu (ez da gutxi). Jirafarekin Zarautzen denak harri eta zur utzi eta Realak fitxatu zuen.

Lehen mailan 200 partidu jokatu ditu, denek ezagutzen dute eta denek ona edo oso ona dela diote. Baina aditu gehienek ere badiote hotza dela, genioa eta kasta falta zaizkiola. Erraz izkutatzen dela.

Liga haserako partiduak ikusita, etxekoa, ona eta zintzoa izateaz gain, uste dut, gure Mikelek behar zuen heldutasun punttua hartu duela. Gurditik tiratzeko ardura hartu duelakoan nago. Anoetak maite du. Arrastoa utziko du.