Artzainak, ardiak eta otsoak

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2014ko urr. 16a, 11:49

Aurrera goazenaren ustean beti leku berean. Jira eta bira, adinean bat gehiago bai baina berriro ere betiko toki beretik abiatzen naizelakoan, berriro ere helmuga berdinera iristeko. Hauxe da bizitzea tokatu zaigun bizitza,  edo bizi dugun bizitza, bizitzea gustatuko litzaiguken bizitza bizitzen saiatzeko kemenik ez dugulako.

Indarrean dugun ikasturte honetan herriko agintariak aukeratu beharko ditugu berriro. Artalde otzana zaintzeko prest dagoen aurreneko artzaina nor den jakin dugu. Artzain izateko benetako aukera duen bestea nor izango den ere laister jakingo dugu. Buzoiak ere txukuntzen hasi beharko dugu. Olentzerok, Errege Magoek eta Olentzerok eta Errege Magoek adina opari agintzen dizkigutenen eskaintzaz, buzoiak berehala gainezka izango ditugu. "Joxe Mari, Joxe Mari, merke-merke". Hori bai, agindutakoa betetzen ez badute, ez dizute boturik itzuliko.
 
Aukera-aukeran, tokatu zaigun herrian bizi ordez nahi dugun herrian bizitzea hobe izango denez, teknologia berrien aroan, eskaintzen digutena aztertu beharrean, zergaitik ez nahi duguna eskatu. Betiko Ikeako katalogotik beraiek guretzat onena dela uste dutenaren ordez, zergatik ez guk geuk nahi dugun herria neurrira egitea eskatu arotzik onenari?
 
Alkate izan nahi duenari, egin ez lezakeen zerbait eskatuko nioke nik. Inolako beharrik gabe hainbeste min eragiten duten zurrumurruak zabaltzen dituztenak, polen hautsa garbitzen jarri (mingaina moztea gehiegitxo iruditzen zait).
 
Agintea lortu nahi duen bat Salvame-ra deika hasi bada, ikusten ari naiz alkate izan nahi dutenak, boto eske, parkeetan, aulkiz aulki eta mahaitik mahaira. Deluxe.