Han eta hemen

Txurroak

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2022ko aza. 20a, 08:57
(Argazkia: Pixabay)

Txetxu Urbietak 2022ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez dira ez inoizko garairik onenak. Udazkenean sartzearekin bat, bizitzaren negu beltza gainera datorkigula dirudi. Dena da iluna, dena da tristea. Macron lagunak esan duenez, oparotasunarenak egin du. Akabo. Kolpetik dena aldatu zaigu. Nahi izatea ez da aski ahal izateko; zerbait lortzeko aurrez hori amestea ameskeria hutsa da; osasuna ez da indarra, osasuna gaitz gabezia da; ez gara guzti ahaldunak, hauskorrak gara, ahulak gara; egin negar lasai, malkoa modan jarri da. Beldurra hezurretaraino sartu digute.

Txiro izan eta aberatsen bizimodua egiten genuela ere entzun genuen; orain bat-batean txirotu gaituzte. Erosketak egiterakoan bi aldiz pentsatu behar zer erosi. Gaur garesti dagoena bihar garestiago egongo da. Ez naiz angulez ari. Patata, arrautza, sagar, ogi eta halakoez ari naiz. Eta jendea lo egiteko pilulak hartu eta hartu. Hau dek hau mixeriye, Txetxu. Berriro ere, aidanean, belar motxera bueltatu behar, kamarada. Gure gurasoen eta aitona-amonen garaietara itzuli behar. Garai gogorretan, oso gogorretan, beraiek zoriontsu izan baziren, zergatik ez gara ba gu ere zoriontsu izango garai hauetan? Egoera berrira moldatu behar. Gauzei benetako balioa eman behar. Norbanakoa ahaztu eta familiaren indarra lehenetsi behar. Loiolatik pasiera egin, eta, noizean behin, txokolatea txurroekin. Haiek bai garaiak, haiek...