Han eta hemen

Koetxoa

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2023ko abe. 12a, 09:17
(Argazkia: Pixabay)

Txetxu Urbietak 2023ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ume jaio eta ume hil. Lehen bai, orain ez; orain ume jaio, ume hazi eta hezi eta ume hil. Beti ume. Gizartea umetu egin da. Zalantza txikienik ere ez dut. Ehun urte barru, historiako liburuetan, gure gizaldia hondoa jo zuen gizaldi bezala aztertuko dute. Seguru. Gogoan dut "gurasoen kontu bizi, seme-alaben kontu bizi arte" esaldia indarrean zegoeneko garaia. Aitona nerabeok gazte gineneko garaiak. Haiek bai garaiak. Orain, gure erruz, gurasoen kontu bizi gara, seme-alaben esklabu. Bai. Eta ez egin kontra. Gure haurrei laguntzen ari garelakoan kalte egiten diegu. Baietz, kalte. Hasi parketik eta gaztaroan zeure logela beraien esku uzteraino. Gizajoa, gajoa. Lagundu egin beharko diegu ba. Lagundu? Nola helduko dira ba beraien egin beharreko dena guk egiten badiegu. Etxeko lanak, entrenora eraman eta ekarri, parrandara eraman eta ekarri, unibertsitaterako joan-etorria, dena. Guk. Beraiek hartu beharreko erabakiak ere guk hartzen dizkiegu. Guk. Niretzat, egiten ari garena koetxozko heziketa da. Gaizki ari garela jakin arren, gaizki egiten jarraitzen dugu. Kottaduak.

Ondorioa: bokalez nahastu gara. Gizartea emetu beharrean umetu egin dugu.