Han eta hemen

Izan grix

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2024ko urt. 31a, 08:47
(Argazkia: Freepik)

Txetxu Urbietak 2024ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aitortzen dut. Min ematen dit, baina onartu besterik ez daukat. Gero eta petralagoa naiz. Eta badakizue, petrala izatea gorroto dut. Neure burua gorrotatzen hasi beharko ote dut? Petralito.

Gustuko dudan beste kontu bat ere gertatzen ari zait. Ez da fenomeno paranormala. Kontu arrunta da. Baina gustatzen zait. Gero eta egoskorragoa naiz, kontrax hutsa. Gero eta gehiago gozatzen dut 'kontraz' izanez. Plazer hutsa. Aitortzen dut, gainera, ez dudala kontra egiten kontrako iritzia dudalako. Kontra egiten dut kontra egitearen plazer hutsagatik. Eta kontra egiten dut batik bat, ez naiz hain gaiztoa, nabarmena delako ditugun iritzi eta uste gehienak ez daudela batere arrazoituak. Norbaitek esan du, norbaiti entzun diot, eta nitarra denez, nirea egin dut. Gutarren artaldeko kide izateko gutarkeriak nitar bihurtzea da biderik erosoena. Zertan hasi gutartasuna kolokan jartzen duten kontuak zalantzak jartzen. Zertarako izan kritiko. Kontsignak jarraitu, eta goazen denok artzainaren atzetik, otzan-otzan. Izan gris.

Grisa naiz eta izango naiz, baina buruko garunak astintzeko gaitasuna ez nuke galdu nahi. Petrala bai, egoskorra ere bai. Egin kontra. Urte berria ala zaharra, izan kontrax, gozo-gozo.