Gregorio Posada hil zuten tokia

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko api. 7a, 09:00
Joan XXIII kalea, Enparan dorretxea eta inguruak, 1974ko apirilean. (Pepe Gil)

1974ko apirilaren 3an hil zuen ETAk Azpeitiko Guardia Zibilaren informazio taldeko burua. Angel Otaegi nuarbetarra heriotza zigorrera kondenatu eta fusilatuta hil zuten haren hilketagatik. Gaurkoaren antz gutxi duen Joan XXIII kalean tirokatu zuten Posada.

Pepe Gilen artxibo zabaleko beste ale bat da Zaharrak berri ataleko hil honetako argazkia: duela mende erdi Joan XXIII kaleak, Enparan dorretxeak eta inguruak gaur erakusten duten itxurarekin zerikusirik ez zutela erakusten duen irudia.

Toki horri une jakin hartan argazkia ateratzeko arrazoi zehatza izan zuen argazkilariak. 1974ko apirilaren 3an, hortxe tirokatu zuen ETAk Gregorio Posada, Francoren diktaduraren azken urte horietako Azpeitiko Guardia Zibilaren informazio taldeko burua, autoan zihoala. Donostiako Ospitale Militarrera eraman zuten Posada, eta han hil zen. Donostiako Artzain Onaren katedralean egin zuten haren aldeko hileta nagusia apirilaren 5ean, eta egun berean hileta meza egin zuten Azpeitiko parrokian ere.

ETAk Azpeitian hildako lehen pertsona izan zen Posada. 1974ko azaroaren 18an, Angel Otaegi nuarbetarra atxilotu zuten, Posadaren kontrako atentatuan parte hartu izana egotzita. Jose Antonio Garmendia eta Otaegi Burgosen (Espainia) gerra kontseiluan epaitu zituzten, eta heriotza zigorra ezarri zieten 1975eko abuztuan. Irailaren 26an, Francoren Ministroen Kontseiluak biziarteko espetxe zigorragatik aldatu zion kondena Garmendiari, baina Otaegiren kontrako heriotza zigorra berretsi zuen, eta 1975eko irailaren 27an fusilatuta hil zuten nuarbetarra.