Aurrerantzean ostiralero izango da zabalik Esklabetako jantoki soziala

Azpiegitura lanak amaituta, ostiralean, azaroarean 29an, irekiko ditu ateak Esklabetako jantoki sozialak. Azken hilabeteotan buru-belarri ibili gara jantokiaren espazioa egokitzeko lanetan, eta dagoeneko martxan jartzeko prest gaude. Aurrerantzean, ostiralero egingo dugu jantoki soziala, eta nahi duen ororentzat zabalik izango da, 13:30etik 14:30era. Egitasmoa aurrera eramateko ezinbestekoa da jendearen inplikazioa eta horretarako harremanak egiten gabiltza herritarrekin. Proiektuan beren alea jarri nahi dutenekin batzarra egingo dugu bihar, asteazkena, 18:15ean, Esklabetako ezker hegaleko 0. solairuan. Jantoki sozialaren funtzionamendua izango dugu hizpide, besteak beste. \ \ Zer da Esklabetako jantoki soziala?\ \ Jantoki soziala elkartasun keinu bat da. Gure bizitza gero eta hauskorragoa bihurtzen ari den garaiotan, gure bizi baldintzak ezbaian daude: lan baldintza prekarioak, osasun zerbitzuen pribatizazioa, jakintza judizialen estratifikazioa… Lan dinamikak bere barruan duen eguneroko zapalkuntzan beharrezkoa da elkartasun printzipioetara jotzea. Dena den, argi izan behar dugu menderatze kapitalista ez dela soldatapeko lanera edo erakundeen jardunera mugatzen; menderatze kapitalistak gure bizitzako esparru guztiak mugatzen ditu; beraz, gure harremanak ere bai.\ \ Jantoki soziala ez da soilik larrialdi egoerei erantzuna emango dien proiektu bat. Jantoki soziala ez da karitatean oinarritzen, klase elkartasunean baizik. Ezinbestekotzat jotzen dugu langileriaren sektore kolpatuenari edo estratu zapalduenari bere beharrak asetzeko bitartekoak eskaintzea, gure jarduna, ordea, hortik haratago doa. Kapitalismoak inposatzen dizkigun bizi-oinarriak ezbaian jarri eta beste oinarri batzuk eraikitzea da gure helburua. Horretarako tresnak sortzen gabiltza, eta horietako bat da jantoki soziala. Beharrak asetzearekin batera aktibo politikoak sortzea dugu helburu, kapitalismoak inposatzen digun kulturaren aurrean, sortzen ari garen kultura propioa garatuz.\ \ Gure hausnarketak plazaratzeko, eta bizipen ezberdinen ezagutzaren bitartez, ekinbide politikoa diseinatzeko elementuak jasotzeko mahaia izango da jantoki soziala. Kapitalismoak inposatzen dizkigun partzialtasunaren eta indibidualismoaren aurrean elkartasuna oinarri izango duen lan eremua.\ \ Elkartasuna egosten ari gara.