Mendi irteerak antolatu ditu Lagun Onak MBk abenduaren 31rako eta urtarrilaren 1erako

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko abe. 26a, 08:41
Mendian ibili ostean urtea agurtzeko, eta berriari ongi etorria emateko prest dago Lagun Onak mendi bazkuna. Izan ere, bi irteera antolatu ditu datozen egunetarako. Abenduaren 31n Aizkorrira egingo dute ibilaldia, eta urtarrilaren 1ean, Erlora. Bi mendi irteerak helduentzako izango dira. \ \ Abenduaren 31ko txangoan parte hartzera animatzen direnek, 07:00etan hartuko dute autobusa, Azpeitiko anbulatorio aurretik. Handik Otzaurtera joango dira, eta handik igoko dira Aizkorrira. Jarraian Urbiara jaitsiko dira, eta ondoren, Arantzazura. Nahi duenak Aizkorrira igo gabe Urbiara joateko aukera izango du. \ \ Mendi irteera horretara animatzen diren bazkideek sei euro ordaindu beharko dute izen-ematea. Gainerako herritarrek, berriz, zortzi euro. Izena emateko azken eguna abenduaren 28a izango da. Izen-ematea www.lagunonakmb.org webgunean egin behar da.\ \ Urtarrilaren 1ean, berriz, urteroko ohiturari eutsiz, mendi irteera egingo dute erlora. Azpeitiko plazan jarri dute hitzordua, 09:00etan. Behin Erlora iritsitakoan, 11:00ak aldera, euskal presoen eskubideen aldeko argazkia aterako dute. Turroia eta txanpaina izango dira bertan. Nahi duen oro anima daiteke urtarrilaren 1eko mendi irteerara.