ELKARRIZKETA

Imanol Pradales (EAJ): "Badakigu herritar guztientzat kudeatzea eta gobernatzea zer den, eta hori berme bat da"

Erredakzioa 2024ko api. 11a, 22:00

Txomin Madina Goienako kazetariak Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaiak eta hautagaiak elkarrizketatu ditu, eta haiei egindako elkarrizketak ikusgai izango dira egunotan Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) webguneetan eta Erlo Guka Telebistan, 22:00etan hasita. EAJko Imanol Pradales lehendakarigaia da lehen elkarrizketatua.

Gerturatzen ari da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen data, apirilaren 21a, eta ohi bezala, Erlo Guka Telebistak, Goienak, Goierri Irrati Telebistak eta 28 Kanalak elkarlanean hainbat saio prestatu dituzte bozak landu eta herritarrei informazioa eskaintzeko, tartean lehendakarigaiei eta alderdietako hautagaiei egindako elkarrizketak.

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia, Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua, Miren Etxebeste Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako bigarren hautagaia eta Andeka Larrea Sumarren Gipuzkoako zerrendaburua elkarrizketatu ditu Txomin Madina Goienako kazetariak. Hain justu, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiari eginiko elkarrizketa da aurrenekoa.