Joxetxo Aizpuruk beteko du Jesus Larrañagaren zinegotzi kargua

Uztarria.eus 2013ko urt. 25a, 13:15

Ezkerretik eskubira, Aitor Gorrotxategi, Josetxo Aizpuru, Pello Elorza eta Jesus Larrañaga.

Aldiz, Aitor Gorrotxategi izango da aurrerantzean EAJren udaleko talde burua eta bozeramailea. Larrañagak "arrazoi pertsonal eta profesionalengatik" eman du dimisioa.

Jesus Larrañaga EAJko zinegotzi eta bozeramaileak "arrazoi pertsonal eta, batik bat, profesionalengatik" dimisioa eman duela-eta, azalpenak eman ditu Azpeitiko EAJk. Larrañagaren kargua eta, beraz, talde buru eta bozeramailea, Aitor Gorrotxategi izango da, eta Jesus Larrañagaren zinegotzi tokia Joxetxo Aizpuruk (2011ko udal hauteskundeetan seigarrena zen EAJren zerrendan) beteko du.

EAJk "eskerrak eman" nahi izan dizkio Larrañagari "Azpeitiaren alde ia bi urte hauetan egin duen lanagatik". Bide batez, eskerrak eman nahi dizkio zinegotzi talde osoari, "egiten ari diren lan bikainagatik". Pello Elorzak esan duenez, zinegotzi berriak, Josetxo Aizpuruk, "bere lana ondo beteko du, eta buru-belarri arituko da Urrestilla eta Azpeitiaren alde lanean". "EAJk orain arteko kemen berarekin edo gehiagorekin jarraituko du azpeitiarren eta Azpeitiaren alde lanean, ilusio osoz, eta gure herriaren politika alda daitekeen ziurtasun osoarekin", gaineratu dute.

Jeltzaleek esan dutenez, "berritze prozesu batean sartuta gaude": "Horren adibide xumea da, 2011ko udal hauteskundeetan izandako emaitzetatik orain dela hiruzpalau hilabete, 2012ko urriaren 21ean, egin ziren hauteskundeetan gertatu den aldaketa bikaina. 150 bozka ingurukoa izan baita aldea. Herriak gure alde egin duen seinale garbia da. Beraz, inoiz baino ziurrago gaude Azpeitian aldaketa gertatu daitekeela, lanean sutsu jarraitzen baldin badugu Azpeitiaren eta azpeitiarren alde".

Batzarra asteartean

EAJk hileroko batzarra egingo du asteartean, hilak 29, 20:30ean hasita, Batzokian. Azpeitiko EAJ dei egin die alderdikideei batzarrean parte hartu dezaten.