Txatarraren zain Corrugados Azpeitian

Uztarria.eus 2013ko mar. 5a, 19:18

Grebaren aurretik lantegian pilatuta zegoena bukatu zaie eta fundizioa geldituta dago berriro, joan den zapatutik; laminazioan pare bat asterako lana izango lukete. Gallardo Taldeko zuzendaritzak ostegunean txatarra iritsiko dela adierazi die langileei, baita iazko uztaileko soldata ordainduko diela ere. Langileak zer gertatuko zain daude, momentuz.

Ez dute asko iraun tximiniek martxan Corrugados Azpeitian. Astebeteko jardunaren ondoren, grebaren aurretik lantegian pilatuta gelditu zen txatarrarekin -20.000 bat tona- soilik lanean aritu ondoren, txatarra bukatu zaie eta fundizioa geldituta dago berriro, joan den zapatutik. Laminazioan oraindik badute lana, pare bat asterako, langileen iturrien arabera

Urtarrilaren 4an greba amaitzea erabaki eta urtarrilaren azken egunak arte luzatutako "inposatutako" oporrak tarteko, urtarril bukaeratik produkzioa berriro martxan jartzeko lanetan aritu ziren Corrugadosen beharginak. Labeak, berriz, otsailaren 23an piztu zituzten.

Gallardo Taldeak, ordea, ez du oraingoz produkzioari eusteko material berririk ekarri, langileen kezkarako. Aste honen hasieran, enpresaren zuzendaritzak ostegunean txatarra iritsiko dela adierazi die langileei, baita zorretan zuen iazko uztaileko soldata ordainduko diela ere. "Ikusi eta sinetsi", diote langileen ordezkariek. Zer gertatuko zain daude, momentuz.

Gallardok, bere aldetik, enpresaren bideragarritasuna ziurtatzeko proposamenik egin gabe jarraitzen du. Langileen iturrien arabera, negoziazio bidean ez du pauso berririk eman. Alde horretatik ere zain daude.