Izarraitz pilotalekua jolasleku gisa irekiko du Udalak zapatu arratsaldetan

Uztarria.eus 2013ko aza. 19a, 12:03
Pilotalekuan bertan jolas egiteko hainbat material egongo da.

Zapatu arratsalde honetan, hilak 23, irekiko dute haurren jolastoki gisa Izarraitz pilotalekua, eta martxoaren 2ra arteko larunbatetan izango da zabalik, 16:30etik 20:00etara bitartean.

Azaroaren 23tik, zapatua, Karnabalak bitartean (martxoak 2), Izarraitz pilotalekua haurrentzako jolastoki bezala irekiko du Azpeitiko Udalak, zapatu arratsaldeetan. Udalaren esanetan, ekimenaren helburua "herriko merkataritza indartzea da. Eguraldi txarra egiten duen larunbatetan merkatal gune handiek eskaintzen duten gune estaliaren alternatiba izatea nahi du Udalak".

Zapatu arratsaldetan Izarraitz frontoiko jolastokia 16:30etik 20:00etara bitartean egongo da zabalik eta hamabi urte bitarteko haurrentzako izango da. Udal arduradunek ohartarazi dutenez, bederatzi urte arteko haurrak heldu baten ardurapean egon beharko dute pilotalekuan. Bederatzi urtetik hamabi urtera bitarteko haurrek, berriz, heldu baten harremanetarako kontaktua eman beharko diete jolaslekuan egongo diren zaintzaileei. Izan ere, jolaslekuan zaintzaileak egongo dira eta horiekk haurren eskura hainbat jolas jarriko dute: pilotak, baloiak, badmintoneko materiala, mahai-jolasak, kartak… Iazko jolasez gainera berriak ere jarriko dituztela aurreratu dute.

Izarraitz pilotalekua zapatu arratsaldetan jolasleku bezala irekitzeko ekimena iaz jarri zuen martxan Udalak, eta orduan, orokorrean, balorazio positiboa egin zuen: "Guraso zein haurren jarrera egokia izan zen eta guztiz beharrezkoa eta baliagarria izan da pilotalekuko jolastokia neguan”.