Ardo Egunean parte hartu zutenei eskerrak eman dizkie Udalak

Uztarria.eus 2013ko aza. 19a, 11:54
Jende ugari izan zen Ardo Egunean, urriaren 26an.

Mikel Ibarzabal festa zinegotziak azaldu duenez, "Ardo Eguna ez dio diru-kosturik sortu Udalari", eta 162 euro Libre ekimenarentzat izan dira.

Joan den urriaren 26an Ardo Egunean parte hartu zuten guztiei eskerrak eman dizkie Udalak, "euren laguntza eta borondatea ezinbestekoa izan da-eta horrelako jaialdi eta ekimen berezia antolatu eta aurrera eraman ahal izateko". Mikel Ibarzabal festetako zinegotziak aipamen berezia eta eskerrak eman dizkie Pierola, Cerro Añon, Ruiz de Viñaspre eta Ostatu upategiei, Odriozola Ardoaki, Asier Villegasi, herriko Gaixo eta Elbarrituen Aisialdi Taldekoei, txorizo lehiaketan parte hartu zuten 25 harakinei eta, bereziki, Valentin Odriozola harakinari, "bere ideia eta ekarpenengatik". Horiez gain, esker hitzak izan ditu Ibarzabalek epaimahai lanetan izan zirenentzat. 

Ibarzabalek azaldu duenez, Ardo Egunak Udalari "ez dio diru-kosturik sortu", eta 162 euro Libre ekimenarentzat izan dira. "Parte hartu duzuen guztiok hurrengo aldietan ere gurekin izango zaretelakoan eta zuen laguntza paregabea izango dugulakoan, agur, esker mila eta datorren ediziora arte", gaineratu du festa zinegotziak.