Unai Iparragirre txirrindulariak Start-Trigon taldearekin fitxatu du

Uztarria.eus 2014ko urt. 8a, 12:10
Unai Iparragirre. (Urola Kostako Hitza)

Urtebeterako kontratua sinatu du Start Cycling Team Paraguaiko taldearekin, eta Belgikara joango da bizitzera. "Ilusioa" duela azaldu dio Uztarria.com-i.

Unai Iparragirre Txipa txirrindulariak aurkitu du taldea, azkenean. Urtebeterako kontratua sinatu du Start Cycling Team Paraguaiko taldearekin. Belgikara joango da bizitzera: "Belgikan izango dugu taldeko etxea, eta handik mugituko gara lasterketetara. Batez ere, Belgika bertako, Frantziako eta Alemaniako lasterketetan izango gara, eta martxoan gara Belgikara joatekoak. Hala ere, igoal, otsailean Mexikoko lasterketa batean izango gara.

"Ilusioa" duela azaldu dio Uztarria.com-i: "Gustura nago. Guztia berria izango da; baita egutegia ere. Niri ondo datozkidan lasterketak izango dira, eta ez mendian gora eta behera ibiltzekoak".

Abendu hasieran jakin zuen azpeitiarrak ez zuela Euskadi Fundazioan jarraituko. Euskadi Fundazioarekin txirrindularitza profesionalera jauzi joan den denboraldian egin bazuen ere, sei urte egin zituen aurretik afizionatu mailan, Belca eta Bidelan-Kirolgi taldeetan, Iparragirrek. Errepideko lasterketetan ez ezik, pistakoetan ere aritzen da azpeitiarra.