Joseba Tobar-Arbulu: "Arrazoi ekonomikoa ere sartu beharko genuke gure erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenetan"

Uztarria.eus 2014ko ots. 25a, 09:34

Joseba Tobar-Arbulu (Santurtzi, Bizkaia, 1945) ekonomialariak hitzaldia eskainiko du gaur, asteazkena, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako hitzaldi zikloaren baitan. Euskal estatua ekonomikoko bideragarria al da? izenburu hartuta arituko da solasean, 19:00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunean. Uztarria.com-ek Tobar-Arbulurekin hitz egin du.

Hitzaldiaren izenburua Euskal estatua ekonomikoki bideragarria al da? da. Zuk zer uste duzu?

Uste dut zaila, baina bideragarria dela. Arazo batzuk daude, eta arazo horiek kontuan izan behar dira, baina konpondu daitezke, nahi izanez gero eta oraindik egin ez diren ahalegin batzuk eginez gero.

Zeintzuk dira arazo horiek?

Gu ez gara Europako estatu bat, Espainia edo Frantzia den moduan. Hiru eskualdetan banatuta gaude, Baskongadak, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Horrek politikoki eta ekonomikoki baldintzatzen gaitu. Ekonomiari dagokionez, alde ona da, une honetan denok moneta bera erabiltzen dugula. Hau da, euroa erabiltzen dugula. 1992 baino lehen Hegoaldean Pezeta eta Iparraldean Francoa zeuden. Baina, gure arazoa da ez ditugula kontrolatzen moneta eta politika fiskala. Espainiaren menpe gaude Baskongadak eta Nafarroa, eta Iparraldea Frantziaren menpe. Oso garrantzitsua da hori eta biharko hitzaldian horretaz arituko naiz.

Uste duzu Kontzertu Ekonomikoak gure beharrei erantzuten diela?

Gure behar guztiei ez, baina nahitaezko eta beharrezko tresna bat da. Zorionez, bai Nafarroan eta bai Bakongadetako hiru probintzietan akordio moduko bat daukagu. Arazoa da kupoaren bidez zenbat ordaintzen diogun Espainiari. Hori nolabait, komatxo artean, gure kontra dagoen zerbait da. Izan ere, hamaika gauza ordaintzen ditugu,  eta ordaindu beharrekoa zehazteko beharrezkoa da analisi sakon bat.

Bestalde, eta laguntzen digu, Hego Euskal Herrian eta Nafarroan zergen bidez dirua eskuratzeko ahalmena izateak. Baina, ez dugu ahalmenik zerga horien dirua bildutakoan nola erabili edo zertan inbertitu erabakitzeko. Fiskalitatea estatuak markatzen du, eta hori da oztopo nagusienetako bat. Dena den, gutxieneko bezala, beharrezkoa da Kontzertu Ekonomikoa.

Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea arrazoi identitarioetan oinarritzen da, batez ere. Kataluinian, berriz, arrazoi ekonomikoak indar handia du. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubideaz aritzean, arrazoi ekonomikoak gehiago aldarrikatu behar al lirateke?

Bai, eta kontuz. Kataluinia gu baino askoz hobeto dago zentzu batean. Alde batetik, Kataluiniako hegoaldea batuta dute, lau probintzia horiek nahiko sendoak dira, eta kultura eta hizkuntza arloan abantailak dituzte. Nahiz eta hor dagoen Kataluniako iparraldea. Guk arazoak ditugu, asko, hizkuntzari eta kulturari dagokionez. Nafarroan, esaterako, zenbait lekutan ezinezkoa da euskara maila publikoan diruz laguntzea.

Nik uste dut, arrazoi ekonomikoa ere sartu beharko genukela gure aldarrikapenetan. Ondo dago aldarrikapen identitarioa, berezia daukagulako, badugulako hizkuntza bat, eta ez dagoelako babestuta erabat. Baina, hori guztia bermatzeko dirua behar da, publikoa nahiz pribatua. Oso garrantzitsua da hori. Nik uste dut aldarrikatu eta eztabaidatu behar dugula dirua, euroa eta gure zergak nola ordaintzen diren eta horiekin zer egiten duten. Oso garrantzitsua da puntu ekonomikoa. Niretzat, garrantzitsuena.

Europar Batasunaren baitan sortutako estatu berri baten independentzia ekonomikoa posible al da?

Independentzia ekonomikoa ez da posible. Espainia eta Frantzia independienteak al dira? Europan arazo bat bada. Euroa martxan jartzeko jarri zuten martxan Europako Banku Zentrala, eta banku hori, komatxo artean, independientea da. Hori ez da gertatzen AEBtan, Britainia Handian, Japonian edo Australian. Zoritxarrez etxea egiten teilatutik hasi dira. Arazoak daude, eta harrigarria bada ere, troikak agintzen du Europan. Troika osatzen dute Nazioarteko Moneta Fondoak (dirua eta neoliberalismoa), Europako Komisioak (maila politikoan), eta Europako Banku Zentralak (maila ekonomikoan). Ez dago Europako Banku Zentrala kontrolatzeko inolako ahalmenik, eta lehen aipatutako herrialdeetan parlamentu federalak kontrolatzen du.

Hori dela-eta, Frantzia eta Espainia ez dira independenteak. Baina, nik nahiko nuke gaur egun horiek daukaten independentzia ekonomikoa eta politikoa, nahiz eta gutxi izan, edukitzea.