Likidazioaren aurreko kontsulta epea luzatzea lortu du Grumalek

Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 20a, 11:42

Azpeitiko enpresa likidatuko dela onartuta, lanpostua salbatzea da orain langileen kezka nagusia.  340 langilerentzako iragarri dute iraungitze txostena, tartean, Grumaleko 146 langule daude. Azken ordukoa (13:33): Fagorren likidazioa abiatu du Malagon epaileak, eta Arrasateko kooperatibari ez ezik, Edesa, Grumal eta Proiek filialei ere eragiten die.

Bilera izan zuten atzo Grumaleko langileen ordezkariek administratzaile konkurtsalarekin. Urte hasieran, Fagor Etxetresnak konkurtsora atera zenean, Grumal eta Edesa eraman zituen berarekin konkurtso horretara, eta azken asteotan hiru lantegietako langileei aplikatuko zaien iraungitze txostena negoziatzen dihardute ordezkari sindikalek, prozesuak ezartzen duen hilabeteko kontsulta epearen barruan.

Bada, epe hori luzatzea lortu dute langileen ordezkariek. Irmo eskatzen dute horien "hiru enpresak talde bateko partetzat" jotzeko, "eta ez aparte dauden hiru enpresatzat. Azken finean, Mondragon Taldea dago honen guztiaren atzean, aterki bat da hura eta gu aterki horren azpian gaude", azaldu du Grumaleko ELAko ordezkariak. 340 langilerentzako iragarri dute iraungitze txostena, tartean, Grumaleko 146 langule daude. Ordezkariek langile horiek taldeko gainerako enpresetan birkokatzea lortu nahi dute: "Grumal salbatzea ezinezkoa bada ere, baudade taldean ondo dauden enpresak; eta langileei berdin zaie lana non egin, lana duten artean", esan du Galarragak: "Mondragoni konpromisoa eskatzen ari gara".

Azken ordukoa (13:33): Fagorren likidazioa abiatu du Malagon epaileak, eta Arrasateko kooperatibari ez ezik, Edesa, Grumal eta Proiek filialei ere eragiten die.