Autobus zerbitzua hobetzeko bigarren bilera egingo dute bihar

Uztarria.eus 2014ko mar. 25a, 17:22
Autobusa Betharrameko geltokian. (Ane Olaizola)

Prozesuaren lehen fasean Gipuzkoako 56 herritan egindako 3.000 ekarpenen %75 onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bihar, martxoak 26, bigarren faseko bileran, Aldundiaren proposamena aurkeztuko dute udaletxean, eta herritarrek eta Udalak aukera izango dute berriro iritzia emateko eta aurreproiektuen inguruko ekarpenak egiteko.

Gipuzkoan autobus zerbitzua hobetzeko prozesuaren bigarren faseari ekin diote. Urrian eta azaroan Gipuzkoako 56 herritan egindako lehen faseko bileretan 3.000 ekarpen inguru jaso zituzten, eta haien %75 onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urola Kostako zerbitzuei dagokienean, hobekuntza nagusiak honakoak dira: Donostiako eta Zumarragako ospitaleetara zerbitzu egokiagoa jartzea; garraio aldaketak ahalbidetzeko ordutegiak egokitzea (bai beste autobus batzuk hartzeko bai EuskoTrenen tren zerbitzua erabiltzeko); herri txikienen loturak bermatzea, eta beste eskualde batzuetarako loturak areagotzea, batez ere, Urola Garaira eta Debabarrenera.

Azpeitian bihar, asteazkena, egingo dute autobus zerbitzua hobetzeko prozesuari dagokion bigarren faseko bilera udaletetxean, 19:00etan. Aldundiaren proposamena aurkeztuko zaie herritarrei: aplikatutako aldaketa nagusiak, lehen jasotako proiektuak, eta horiek onartzeko nahiz atzera botatzeko zergatiak azalduko dituzte jendaurrean, besteak beste. Gainera, herritarrek zein Udalak aukera izango dute berriro euren iritzia emateko, eta baita aurreproiektuarekin lotutako ekarpenak egiteko ere. Bileran egon ez arren, lehen fasean ekarpena egin zuten guztiei Aldundiaren proposamena helaraziko zaie eta ekarpen gehiago egiteko aukera izango dute. 

Ekarpenak apirilaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzte herritarrek. Hiru modutara aurkeztu daitezke ekarpenok: biharko bileran bertan, www.garraioahobetzen.net webgunearen bidez, edota etxeetara zabaldutako esku orrien bidez (azken horiek udaletxeko harreran dagoen postontzian sartu edota Lurraldebuseko autobusetan entregatu daitezke). Jasotako ekarpen guztiekin behin betiko proposamena landuko du Aldundiak, eta ondoren, urrian, ekualdeko bileretan aurkeztuko dute. Lehiaketara atera ondoren, 2015eko urtarrilean zerbitzu berriak martxan egotea da Aldundiaren asmoa. 

Onartutako beste eskari batzuk

Aurkeztutako hainbat eskari onartua izan den arren, aurreproiektuaren eremua gainditzen dutela eta, ez dira aurreproiektuan agertuko. Autobus zerbitzuaren informazioa hobetzea izan da jasotako eskaera nagusienetako bat. Horri erantzuna eman nahian, Aldundia "dagoeneko lanean" hasi dela jakinarazi dute: webgune berria egiteko, mugikorretarako aplikazioak sortzeko eta ordutegiak autobus zerbitzu guztietan modu ulergarrian eta bateratuan emateko.