Gipuzkoako Gobernu Ordezkaritzak Olatz Izagirre babesteko onartutako mozioaren testua eskatu dio Udalari

Uztarria.eus 2014ko eka. 12a, 15:21

Apirilaren 1eko udalbatzarrean Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunari babesa emateko onartutako mozioaren testua bidaltzeko eskatu dio Carlos Urkijok zuzentzen duen Gipuzkoako Gobernu Delegaritzak Azpeitiko Udalari. Azpeitiko udal gobernuak "salatu" egin du eskakizuna.

Apirilaren 1eko udalbatzarrean Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunari babesa emateko onartutako mozioaren testua bidaltzeko eskatu dio Carlos Urkijok zuzentzen duen Gipuzkoako Gobernu Delegaritzak Azpeitiko Udalari. Blanca Etxezarretak sinatutako eskaria maiatzean iritsi zitzaion Udalari, eta Azpeitiko udal gobernuak "salatu" egin du mozioaren testua eskatu izana.

Udal Gobernuaren ustez, "Urkijok erabili ohi duen logikari jarraituz, Udala beste epaiketa baten atarian dago, kasu honetan herritar bati babesa adierazteagatik". Azaldu dutenez, "egoera oraindik ere salagarriago da atzo jakin genuen albistearekin". Horrez gain, "berretsi" egin dute apirilean onartutako mozioak dioena, eta Eneko Etxeberria alkateak esan duenez, "lan politiko egiteagatik inor ezin da atxilotua izan eta gutxiago epaitua, nahiz eta zorioneko albistea jaso genuen atzo derrigorrezko galdera egitea tokatzen zaigu: nork konpentsatu behar du Olatzek sufritu duena?".

Apirilaren 1eko udalbatzarrean Xabier Arrizabalaga Azpeitiko Libre lan-taldeko kideak aurkeztutako mozioa onartu zen, Bilduren aldeko bozkekin. EAJk eta Hamaikabatek ez zuten bozketan parte hartu, "beti alde bateko mozioak lantzen" direla argudiatuta.

Atzo jakinarazi zuen Auzitegi Nazionalak Olatz Izagirre eta beste 39 gazteren inguruko epaia, eta 40 epaituak absolbitu dituzte.