Jagoba Beobide: "Oso gustura jarraituko nuke beste urtebetez Alavesen"

Uztarria.eus 2014ko eka. 17a, 14:26

Duela bi denboraldi iritsi zen Jagoba Beobide (Azpeitia, 1987) Alaves taldera. Aurreneko urtean Bigarren Mailara igotzea lortu zuen talde babazorroak, eta bukatu berri den denboraldian mailari eusten nahiko lan izan badute ere, Alaves zilarrezko mailan izango da datorren denboraldian ere. Beobidek ez daki taldean jarraituko duen ala ez, baina bere futbol ibilbideko bi urte "politenetakoak edo politenak" izan direla dio Gasteizko taldean pasatu dituenak. Uztarria.com-ek Beobiderekin hitz egin du.

Azken unera arte estu ibili zarete, baina mailari eustea lortu duzue.

Oso gustura gaude. Denboraldi oso irregularra egin dugu, eta beheko postuetan sartuta egon gara. Azken unera arte jarraitu dugu taldean sinesten. Lanean gogor aritu gara eta borroka egin dugu, azkenean, helburua lortzeko. Azken partida nolakoa izan zen ikusita, mailari eustea beste igoera bat bezalakoa izan zen, Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igotzea bezalakoa, eta oso pozik gaude.

Denboraldiko azken partida, Jaenen kontrakoa, nahasia izan zen, ezta?

Bai, nahasia eta oso gogorra. Bero handia egiten zuen eta beraiek ere irabazi beharra zuten 2. Mailari eusteko. Tentsio handiko partida izan zen, berdinketarekin bi taldeok jeitsiko ginen mailaz, eta horrek hare gogorrago egin zuen lehia. Tentsio izugarria zegoen eta partidaren azken hamar minutuetan lau gol izan ziren (1 eta 0 galtzen egotetik 2 eta 3 irabaztea lortu zuten). Neurketa hunkigarria izan zen, eta oso pozik gaude gure aldekoa izan zelako emaitza.

Nola baloratuko zenuke taldeak egin duen denboraldia?

Egia esan, nahiko eskasa izan da. Urte oso irregularra izan da, eta balorazio onik ezin da egin. Bukaeran lortu dugu denboraldi eskasa konpontzea. Baloratu behar dena da bukaerara arte geure buruarekin sinesten jarraitu dugula eta taldeko giro onak lagundu duela borrokan jarraitzen. Egunerokoan lana gogor eginda lortu dugu helburua, eta taldeari aprobatua behintzat emango nioke.

Zer moduz sentitu zara taldean?

Ezin dut kexatu, minutu dezente jokatzeko aukera izan dut eta. Egindako lanarekin nahiko gustura nago, baina beti dago zer hobetu. Beti nahi duzu partidetan maila hobea ematea eta, zentzu horretan, behin ere ez zaude gustura, baina ez naiz kexatzen egindakoarekin.

Otsailean, Uztarria.com-eko elkarrizketa digitalean esan zenuen Alavesen jarraitzea nahiko zenukela.

Kontratua bukatu egiten zait, baina Alavesek aukera du niri kontratua berritzeko. Iaz urtebeterako sinatu nuen, baina Bigarren Mailan jarraitzen dugunez, beste urtebetez berritzeko aukera daukate. Ez didate ezer esan oraindik, eta zain nago. Ni oso gustura nago. Gasteizen etxean bezala sentitzen naiz. Oso ondo zaintzen naute zaleek, urte guztian gurekin egon dira, istalazioak-eta sekulakoak dira... Nire futbol ibilbideko bi urte politenak, edo politenetakoak izan dira Alavesen pasatu ditudanak, eta oso gustura jarraituko nuke beste urtebetez Gasteizen.

"Beti hor" egon den afizioa aipatu duzu.

Urte osoa gurekin izan dira, guk maila pattala eman dugun arren. Zelaira, gu animatzera, etorri dira etxean zein kanpoan jokatu dugunean. Momentu txarretan, 90. minutu galtzen ari ginela ere, animatzen jarraitu dute taldeak partida irabazi zezan, eta hori eskertu beharra dago.

Etxean jokatu genuen azken bigarren partidan, Numantziaren kontrakoa, 14.000 lagun izan ziren Mendizorrotzan gu animatzen, eta geunden egoeran egonda izugarria izan zen. Zaleak beti gurekin izan dira, eta hori eskertu besterik ez dugu.