Jon Guridik Sansen jokatuko du datorren denboraldian

Uztarria.eus 2014ko eka. 20a, 12:53
Jon Guridi Sanserekin ariko da datorren denboraldian. (UEFA)

Azpeitiar erdilaria Realaren bigarren taldean ariko da datorren denboraldian, Espainiako Bigarren B mailan. Ignacio Otaño azpeitiar atezainak, berriz, ez du talde txuri-urdinean jarraituko.

Realeko jubenilen taldeko hamar jokalariri jakinarazi dio klubak Realaren bigarren taldean, Sansen, ariko direla datorren denboraldian. Tartean da Jon Guridi (Azpeitia, 1995) azpeitiar erdilaria eta, horrenbestez, Bigarren B mailan izango da azpeitiarra.

Jubeniletan Guridiren taldekide izan den Ignacio Otaño azpeitiar atezainak ez du Realean jarraituko, klubak jakinarazi duenez, eta talde txuri-urdinak "egindako esfortzua eta erakutsitako konpromisoa" eskertu die Sansera igaroko ez diren jokalariei. Horrez gain, "arlo pertsonal eta profesionalean etorkizun oparoa" izan dezaten nahi duela gaineratu du Realak.