Azpeitia A taldeak irabazi du XV. Erremonte Txapelketa

Uztarria.eus 2014ko uzt. 7a, 13:01
Azpeitiko XV. Erremonte Txapelketako txapeldunak eta azpitxapeldunak. (Olatz Prat)

Imanol Ansa eta Ibai Martiarena afizionatuek eta Unai Otaegi eta Ion Etxeberria profesionalek osatzen duten taldea nagusitu da aurtengoan. Urrestillaren kontra aritu ziren finalean. 

Atzo, igandea, jokatu zen Azpeitiko XV. Erremonte Txapelketako finala Izarraitz pilotalekuan, eta Azpeitia A taldea nagusitu zen. Lehenengo partidan Azpeitia A taldeko Ansa eta Martiarena afizionatuek, Urrestilla taldeko Goikoetxea eta Zalduaren aurka jokatu zuten. Bigarren norgehiagokan, berriz, Otaegi eta Ion azpeitiar profesionalak, Etxeberria IV.a eta Aizpuru III.a urrestildarren kontra aritu ziren. 

Azpeitia A taldeak, bi partidetatik bat irabazi zuen arren, sei puntu eskuratu zituen; profesionaletan 40-23 irabazteagatik lau, eta afizionatuetan 33-40 galdu arren, 32 tanto pasatzeagatik bi puntu. Aldiz, Urrestilla taldeak lau puntu eskuratu zituen finalean, afizionatuetako partida irabazteagatik.

Aurten, Azpeitiko XV. Erremonte Txapelketan lehen aldiz taldeka aritu dira erremontistak, herriarteko txapelketetan bezala. Hori dela eta, afizionatuen bikote batez eta profesionalen beste batez osatutako lau taldek hartu dute parte txapelketan.