Festa giroa nagusi Santio egunez

Uztarria.eus 2014ko uzt. 25a, 15:37

Eguraldia lagun, festa giroa nagusitu da gaur, Baserritarren eguna, herrian. Denetariko ekitaldiak izan dira goizetik eguerdira bitartean, eta blondarik eta sagardorik ez da falta izan. Euskal Herriko blonda ganadu txapelketa izan da aurtengoa, eta gazta eta sagardo txapelketak ere egin dituzte, plazan. Azken horretan, 23 upategik hartu dute parte. Herritar ugari bertaratu da plazara, sagardoa dastatu eta hegaluze zein txahal erre pintxoak dastatzera. 

Gainera, Cesar Valverde pilota txapelketa ere jokatu dute Ilunpe Pilota Elkarteko zenbait gaztetxoek, eta sari banaketa ekitaldiaren ostean, Kepa Peñagarikano pilotaria omendu dute, hamahiru urtez pilotari profesional izan ondoren, pilotalekuei agur esango dielako azpeitiarrak San Inazio egunean. 

Gainera, Azpeitiko Nafar Zuzterrakek Nafarroako banderari omenaldia egin dio, txistularien laguntzarekin. Olazko Andre Mariaren plazatxotik abiatu dira, eta plazan bukatu dute ekitaldia.

Bestalde, Uztarria Komunikazio Taldeak ere zabaldu du tonbola, Erdikalean. Arratsaldean ere irekita egongo da, eta igandean egun guztian zehar ere bai.

Oraindik ez da festa bukatu, ordea. Gaur arratsaldean errekortadoreak eta kantu-poteoa izango dira, besteak beste, eta festarako gogoa duenak, izango du horretarako aukera.

Hemen egitaraua:

18:00etan kantu-poteoa San Martin egoitzatik abiatuta.

18:30ean Errekortariak, zezen plazan. Azken ordukoa (21:00): Paquito Murillo de Humanes izan da Errekortarien Txapelketako irabazlea.

19:30etik 22:30era Jainekin txarangaren kalejira.