Errepublikaren garaiko azken Udal Gobernua oroitzeko plaka jarriko dute udaletxeko sarreran, bihar eguerdian

Uztarria.eus 2014ko ira. 19a, 13:34

12:30ean izango da ekitaldia, udaletxeko arkupetan. Irailaren 20a aukeratu du Udalak plaka jartzeko, izan ere, 1936an egun horretan sartu ziren-eta tropa frankistak herrira.

Uztaileko udalbatzarrean onartu zuten moduan, eta oroimen historikoari keinu eginez, errepublika garaiko azken Udal Gobernuari eskeinitako plaka jarriko dute bihar, zapatua, udaletxeko sarreran. Irailaren 20a aukeratu du Udalak plaka jartzeko, izan ere, 1936an egun horretan sartu ziren-eta tropa frankistak herrira. 12:30ean hasiko da ekitaldia udaletxeko arkupetan, eta Udalak azpeitiar guztiak gonbidatu ditu bertan parte hartzera. Ekitaldian agintari abertzaleen "duintasuna eta oroimena" aldarrikatuko dituzte eta, besteak beste, dantzariek eta musikariek hartuko dute parte.

Honakoa dio oroigarriak:

"Errepublika garaiko azken korporazio demokratikoari; herriaren askatasunaren, errepublikaren eta demokraziaren alde zeuden Jose Antonio Oiarzabal Oiarzabal eta Ciriaco Agirre Zinkunegi alkateei, Antonino Olaizola Etxeberria, Jose Maria Aramendi Estala, Jose Manuel Agirre Etxeberria, Luis Goenaga Odriozola, Demetrio Egiguren Barrutia, Francisco Arregi Etxaniz, Miguel Irureta Peñagarikano, Jose Maria Sorozabal Zulaika, Manuel Olazabal Gurrutxaga, Jose Antonio Altuna Garate, Marcos Urbistondo Zendoia, Jose Antonio Arruti Garagarza eta Emeterio Alberdi Agirre zinegotziei eta udal langileei. Gaurko azpeitiarrok beraien duintasuna eta oroimena aldarrikatzen ditugu".