Lau egitasmo aukeratu dituzte Aldundiaren dirua Urola Erdian inbertitzeko

Uztarria.eus 2014ko urr. 1a, 17:07
Herritarrak egitasmoen inguruak eztabaidatzen.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Partaidetzazko Aurrekontuetako azken bilera atzo egin zuten, udaletxean. Urola Erdiko bost udalerrietako herritarrek lau proiekturi eman zieten lehentasuna: ekintzailetasuna sustatzeari, Zestoa eta Zumaia arteko bide berdeko tunelak berritzeari, eskualdeko energia burujabetza plana garatzeari eta baserri bideen konponketekin jarraitzeari.

Urola Erdiko bost udalerrietako pertsonek lau proiektu aukeratu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren 500.000 euroak eskualdean inbertitzeko. Horretarako, zenbait bilera egin dituzte martxotik hona, Partaidetzazko Aurrekontuak proiektuaren baitan, eta atzoko, astearteko, batzarrean hartu zuten behin betiko erabakia.

Bileran, hemeretzi proiektu aurkeztu zituzten teknikariek, eta herritarrek puntuak eman zizkieten bost egitasmo onenei: bostetik batera. Horiek zenbatuta, zerrendan jarri zituzten proiektuak, eta 500.000 euro osatu arte egin zuten aukeraketa. Sistema hori erabilita, herritarrek oso proiektu anitzak aukeratu dituzte:

1. Ekintzailetza arloko eskualdeko estrategia garatzea: 122.000 euro.

2. Zestoa eta Zumaia arteko bide berdea osatzen joateko ibilbidean zehar dauden bi tunelen konponketa: 250.000 euro.

3. 2014an zehar lantzen ari den eskualdeko Energia Burujabetza Planak jasoko duen ekimen zehatz bat martxan jartzea: 65.000 euro.

4. Eskualdeko baserri bideen konponketarekin jarraitzea: 63.000 euro.

Horrenbestez, 2015eko Foru Aldundiko aurrekontuetan kontuan hartuko da herritzarren hitza. Izan ere, erakundearen hitzetan, herritarren erakabia ez da "kontsultiboa", "azken hitza" da. "Jendearen parte-hartzea bultzatzen" eta "kultura hori errotzen" saiatu da aldundia martxoan hasi zen egitasmoarekin.