Igande honetako Mutxikoak bertan behera gelditu dira

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko mai. 7a, 14:04

Maiatzeko Mutxikoak igande honetan tokatzen ziren berez, baina, ez ditugu egingo. Igande honetan Herri Urrats ere bada, Senperen. Dantzara gerturatzen direnekin hitz eginda, taldea ez osatzeko arriskua dagoenez, oraingoan ez egitea erabaki dugu. Ekainaren 14an egingo dugu ikasturte honetako azken saioa, eta bazkaria egingo dugu ondoren.

Urritik ekainera bitartean, hilero egiten ditugu Mutxikoak dantza jauziak, bigarren igandean —otsailean ez genituen egin, Azpeitiko Bandaren kontzertua zegoelako—. Lapurdin egiten dira batik bat, baina Gipuzkoako hainbat herritan ere abiatu genuen bidea iaz; haien artean Azpeitian. Aurten bideari jarraitzeko asmoari eutsi genion, eta horretan ari gara. Itsasi Kultur Taldeak, Sahatsa Dantza Taldeak, Ikasberriko dantza eskolak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin Kulturguneak elkarlanean antolatzen ditugu saioak, eta herritar guztientzat irekita daude.

Dantzara gero eta jende gehiago gerturatzea nahi genuke. Arituz ikastea, eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa plazan bertan ematea.