Uhinetan saioan parte hartu du Kepa Urbietak, Kultur Mahaiko eta Sanagustin kulturguneko kideak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko eka. 18a, 14:06

Uhinetan proiektua jarri dute abian Donostia 2016k eta Elhuyarrek. Herritarren partaidetzan oinarritutako eztabaida eta irrati-programa bat da. Ekainaren 16an izan da lehenengo saioa, "Partaidetzaren kultura eta partaidetza kulturan" gaia abiapuntutzat hartuta. 

Kultur arloan partaidetzaren inguruko hainbat esperientzia jasotzeko asmotan, partaidetza kulturaren kudeaketaren parte egin dutenak gonbidatu dituzte bertara. Horien artean izan da Kepa Urbieta, Azpeitiko Kultur Mahaiko eta Sanagustin kulturguneko kidea, Gernikako Astra kulturarako fabrika sozialeko Joana Olabarriarekin batera. Elhuyar-eko Jon Abrilek gidatu du saioa. Hemen duzue entzungai, Casares irratiaren grabazioa.

Uhinetan, kulturari buruzko eztabaida herritarrak, uhinetan

Formatu berritzaile baten bidez, partaidetzan oinarritutako eztabaida eta irrati-programa bat uztartu dituzte Donostia 2016k eta Elhuyarrek. Gaian adituak diren hainbat lagunekin, publikoari zabalik egongo den irratsaioa egiten dute, 2016 Gunetik zuzenean, Casares irratiaren sintonian.

Hurrengo saioak uztailaren 1ean, 14an eta 21ean, izango dira, eta honako gaiak landuko dira: "Nola eman ahotsa normalean aukerarik ez dutenei"; "Tradizioa vs eraldaketa plaza publikoan, genero ikuspegitik" eta "Ahalduntze digitala eta teknologikoa". Hauetan parte hartzeko aukera ere luzatu dute, horretarako interesa duenak uhinetan@dss2016.eu helbidean eman ahal izango du izena.