Hemen dira martxoko mutxikoak

Igande honetan, martxoak 13, dantza jauziak egingo ditugu, 12:00etan, plazan. Hileroko usadioari jarraituz, bigarren igandean bilduko gara oraingoan ere mutxikoak dantzatzeko.

Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sanagustin kulturguneak, Itsasi Euskal Kultur Taldeak, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Dantza Eskolak eta Sahatsa Dantza Taldeak elkarlanean antolaturiko egitasmoa da mutxikoena. Halaber, aipatu, Orkatz Kultur Elkartearen laguntza ere badugula, bertako musika ekipoa erabiltzen baitugu.

Duela hiru ikasturte ekin genion bide honi, eta aurtengoan ere eginak ditugu jadanik sei saio. Banaka, binaka nahiz taldean dantza egiteko aukera polita izan ohi dugu hileko bigarren igandeetan herrian. Azken bi saioak Sanagustin kulturgunean egin baditugu ere, Plaza Nagusian egiten ditugu dantza jauziak eguraldiak laguntzen duenean. Izan ere, dantzaren sustapena bilatzeaz gain, Azpeitiko Alde Zaharra biziberritzea du helburu egitasmo honek.

Ipar Euskal Herrian tradizio handia izan duten dantzak egiteko aukera ederra dugu beraz igande honetan ere. Basarritarrak, ttipitto, axuri beltza, polka, arin-arina, fandangoa… denetarik dantzatzeko aukera izango dugu. Beraz, badakizue: animatu ikustera, ikastera, eta nola ez, dantzatzera!