Enrique Villarreal 'El Drogas': "Prentsan argitaratu zen hura abesti batean islatzea erabaki nuen"

Ane Olaizola 2024ko mar. 20a, 12:54
Enrique Villarreal 'El Drogas'. (Wikipedia)

Pasaiako segadaren 40. urteurrena gogoratzeko zapatuan Azoka Plazan egingo duten ekitaldian parte hartuko du Barricada musika taldeko kide ohiak.

Duela 40 urte Pasaiako badian hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideren omenez Pasaia Argitu taldeak antolatutako ekitaldian izango zara, larunbatean. Nola jaso duzu gonbidapena?

Pasaiako gertaera hura ahanzturan eror ez dadin urtero borrokan ari direnei laguntzeko asmoz izango naiz ekitaldian. Inoiz gertatu behar ez zuketen gertaerak oroitzeko ekitaldia izango da larunbatekoa. Auziari egin zaion jaramon apurra oroitzeko ere balio izango du ekitaldiak, estamentu ofizialek edo zegokionak aspaldi konpondu behar zuketelako gertaera triste hura.

Barricada taldearen abesti enblematikoetako bat den Bahia de Pasaia egitera eraman zintuen gertaera hark. Nola sortu zenuen?

Pasaiako sarraskia ez zen gertaera isolatu bat izan. Estatuak Euskal Herrian ezarri zuen terrorismoaren testuinguruan kokatu behar dugu garai hura, eta estatuaren indarkeriaren mugarria izan zen Pasaiakoa. Hilketa haiek prestatzeko sare oso bat zegoen atzean.

Sarraski hartaz idazteko gogoa nuen, baina egun haietan komunikabideetan kaleratzen ari zena begiratzen hasita, konturatzen zinen estatuaren borrokaren egituraren parte zela prentsa bera ere. Komunikabideek berebiziko garrantzia hartu zuten egiteko horretan, eta Egin egunkaria funtsezkoa izan zen kontrainformazioa emateko garaian. Beraz, aste hartan Egin-ek Pasaiako gertaerez argitaratutako egunkariak bildu genituen komunikabide hark Iruñeko Estafeta kalean zuen egoitzatik. Gertatutakoa jorratu zuten beste egunkari batzuen publikazioak ere irakurrita nituen aurrez, eta zerbait pertsonalagoa egin beharrean, erabaki nuen prentsan argitaratu zen hura abesti batean islatzea. Esandakoa hobeto uler daiteke La tierra está sorda diskoarekin, lan egiteko modu berean sortutako lana izan zelako hura.

Pasaiako segadan hildako bi, Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu, iruindarrak ziren. Ezagutzen al zenituen?

Rafa Delas ezagutzen nuen, 18 bat urte genituenean Iruñeko Alde Zaharrean zapi beltzarekin ibiltzen ginenok hogei bat lagun izango ginelako gehienez. Akratatzat definitzen gintuen bereizgarria zen zapi hura. Pertsona horien artean geunden Rafa eta ni, eta inoiz hitz egin genuen elkarrekin. Gogoan dut Copelen [Borrokan Dabiltzan Presoen Koordinakundea] jarraitzailea zela hura; independentziaren aldekoa baino, mugimendu sozialen jarraitzailea zen hura.

Nola gogoratzen dituzu Pasaiako segadaren ondorengo egunak, eta orokorrean, garai hura?

Egunero hilketen albisteekin esnatzen ginen urteak ziren, izan ETAren atentatuenenak zein GALenak. Manifestazioetan, balak jaurtitzen zituen Poliziak... Erabateko konfrontazioa zegoen ezarritako boterearen aurka, eta han geunden gu. Gure taldearen izena egoki definitzen du egoera hark guztiak: Barricada. Kalean zegoen borroka, sektoreetako greba orokorrak... ia egunerokoa zen hura. Oso urte gogorrak izan ziren, batez ere etxean edo gertu norbait galdu zutenentzat.

"Detras del uniforme, queda el anonimato" [uniformearen atzean anonimotasuna dago] abesten zenuen Barricadarekin Pasaiako segadari buruzko abestian. 40 urte igaro izanagatik, auzia ez da oraindik argitu.

Eta oso zaila ikusten dut argitzea, kontuan hartuta gobernuen jarrera zein izan den. Ez zait iruditzen PSOEk ezer egingo duenik auzia konpontzeko, eta egoera are eta konplexuagoa iruditzen zait Espainiako Barne Ministroa Fernando Grande-Marlaska izanda. Ez naiz gaian aditua, baina azken gertaerak ikusita, ez dut uste animorik egon litekeenik halako istorioak konpontzeko. Denboran oraindik eta atzerago egin dezakegu, eta fosak eta arekak irekitzeko zer interes dagoen ikusita, are eta zailagoa ikusten dut Pasaiakoa bezalako gertaerek argia ikustea, ezta luzaroan ere. Horregatik eman nion Azpeitiko ekitaldira joateko gonbidapenari baiezkoa, gertaera hau ahanzturan eror ez dadin urtero borrokan ari direnei laguntzeko.