40. urteurrenean ere, Pasaiako segadan hildakoei lore eskaintza egin diete

Aitziber Arzallus 2024ko mar. 23a, 10:04

40 urte bete ziren atzo, martxoak 22, Pasaian (Gipuzkoa) Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik, eta haiek oroitzeko ekitaldia egin zuten senideek, lagunek eta hainbat herritarrek Enparan Dorretxearen atzealdeko monolitoan. Urteurrenaren bueltako aurtengo ekitaldi nagusia gaur arratsaldean egingo dute Azoka Plazan, 19:00etan hasita.

Atzo, martxoak 22, asteartea, 40 bete ziren Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Pasaian (Gipuzkoa) Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak izan ziren gertaera hartan hil zituzten lau kideak, eta urtero bezala, haiek oroitzeko ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean Enparan Dorretxearen atzean dagoen monolitoan.

Pasaia Argituren ekitaldian izan ziren Kurroren eta Pelitxoren senideak, eta dozenaka herritar izan zituzten inguruan babesa helarazten. Pasaiako segadan hildako azpeitiarren senideei bertso bat eta aurreskua eskainita ekin zioten ekitaldiari, eta ondoren, lore sorte bana utzi zuten senideek monolitoan, jendearen txalo zaparrada artean.

Arantxa Isartek –Pelitxoren arreba– 40 urteotan auzia argitzeko egin dituzten ahaleginak eta bide horretan topatu dituzten zailtasunak ekarri zituen gogora, baina nabarmendu zuen herritarrengandik beti jaso izan dutela babesa. "Hainbeste urte eta gero borroka honetan jarraitzeak merezi al duen galdetzen digute. 40 urteko egoera eta oraingoa ez dira berdinak. Orain dela 40 urte oso bakarrik sentitu ginen, garai txarrak izan ziren, baina orduz geroztik ibilbide luzea egin dugu, eta bidean laguntza eta babesa ere izan ditugu. Herritarren, eragile sozialen eta Azpeitiko Udalaren babesa ditugu, orain ere hemen zaudete, eta horrek poz ematen digu".

Auziak judizialki nahiko zuketen biderik egin ez duen arren eta alde horretatik askorik espero ez duten arren, Isartek adierazi zuen "ez dela gutxi" epaileak esan zuena, alegia, "erailketak izan ziren zantzu handiak daudela, nahiz eta gero ez den frogatzerik izan". Orain, biktima izaera aitortzeko prozesuan daudela ere azaldu. "Esakera egin genuen eta Jaurlaritzak horretarako duen taldetxo bat kasua aztertzen ari da. Ematen zuen berehala etorriko zela ebazpena eta biktima izaera aitortuko zigutela, uste baino luzeago doa kontua, baina espero dugu lortuko dugula".  

Peio Aizpuruk —Kurroren anaia— hartu zuen hitza jarraian, eta anekdota hunkigarria kontatu zuen. "Orain dela gutxi jakin dugu Pasaian badela norbait egunero gure senideak hil zituzten gunera joaten dena eta oroigarria garbitzen duena. Hitzik gabe gelditu ginen, mutu. Hori da elkartasuna, hori da benetan guri aurrera egiteko indarra ematen diguna; haiek han, eta zuek hemen. Pelitxo, Pelu, Kurro eta Txapas, maite zaituztegu".   

Atzoko lore eskaintzaren ondotik, Pasaia Argitu taldeak gaur arratsalderako antolatu du aurtengo urteurren ekitaldi nagusia. Azoka Plazan izango da hori, 19:00etan hasita. Horrez gain, astelehenetik aurrera Pasaiako sarraskiaren nondik norakoak azaltzen dituen erakusketa ikusgai izango da Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan.