Junior nesken Euskal Ligako Lauko Finala Azpeitian jokatuko da asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2014ko api. 24a, 14:21

Movilquick Azpeitia ISBk etxean jokatuko du asteburuan, eta Euskal Ligako txapela izango du jokoan. Aldiz, junior mutilek Euskal Ligako titulua lortzeko partida jokatuko dute Bilbon.

Larunbatean, hilak 26, eta igandean, apirilak 27, junior nesken Euskal Ligako lau talde onenak nor baino nor ikusteko aukera edukiko dugu, Azpeitiko kiroldegian jokatuko duten Lauko Finalean. Lau talde horien artean izango da liga lehen postuan amaitu duen Movilquick Azpeitia ISB. Txapelketa honetan asko dago jokoan, bertan erabakiko baita Euskadiko Txapelduna zein den eta zein taldek lagunduko dion Aritz Aldalurrek zuzentzen duen taldeari Espainiako Txapelketara.

Lehen finalerdian Movilquick Azpeitia ISB lehen sailkatuak Easo A laugarren sailkatuaren aurka jokatuko du. Bi talde horien artean parekotasun handia egon da beti eta azken neurketan, adibidez, donostiarrek irabazi zuten luzapenean, sei punturen aldearekin. Baina, Iraurgikoek etxean irabazi izan dute eta Azpeitiko kiroldegian bilduko diren zaleen babespean finala irabazten saiatuko dira kosta ala kosta. Beste finalerdia Gernika KESB eta Zarautzeko Zast-ek jokatuko dute. Lau taldeak igandeko finalean izateko txartelaren bila ariko dira.

Mutilak, Bilbon

Nesken txapelketa Azpeitian jokatuko den moduan, junior mutilena Bilboko Zorroza kiroldegian izango da. Bertan jokatuko du Glual Hydraulics ISBk lehen finalerdia, ligan lehen sailkatu den eta etxean jokatuko duen Unamunoren aurka. Ikusteko dago Xabi Oroz partidarako iritsiko den, Mannheimeko Torneoan Espainiako 18 urtez azpiko selekzioarekin aritu baita (sekulako maila eman arren, final-erdietatik at geratu dira). Hala ere, Iraurgi SBkoek badakite Bizkaiko taldea garaitzea zer den, eta igandean jokatuko den finalerako txartelaren bila kantxaratuko dira. Beste finalerdia Fundación 5+11 Baskoniak eta Easok jokatuko dute.

Nesken egutegia:

Zapatua, hilak 26:

10:00etan Movilquick Azpeitia ISB (1) - Easo A (4).
12:00etan Gernika KESB (2) - Zast (3).

Igandea, hilak 27:

12:00etan finala.

Mutilen egutegia:

Zapatua, apirilak 26:

10:15ean Unamuno (1) - Glual Hydraulics ISB (4).
12:15ean Fundación 5+11 (2) - Easo A (3).

Igandea, hilak 27:

12:00etan finala.