Zuberotarrak taula gainean, azpeitiar ukituarekin

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko ots. 11a, 14:59

'Hebentik... Zubiak!' topaketen barruan, Pilotarhitza ikuskizuna prest ekarri zuten zuberotarrek, igandean, Sanagustinen taularatzeko. Prest, baina azpeitiarrentzat tokiarekin. Pilota, dantza eta musikarekin osatutako ikuskizunean bertsolari azpeitiarrak izan zituzten lagun: Iñigo Ibañez eta Jon Ander Iriondo. Ederki hartu zuten elkar, Mixel Etxekoparrek emanaldiaren amaieran esan zuen bezala "aspaldiko lagunak, bi ordu lehenago ezagutuak". Igandeko bideo gehiago ikusteko, egin klik hemen. Pilotakoak, dantzakoak, bazkarikoak...

"Ez dugu zuek bezalako egoitzarik, eta ezta dinamikarik ere, baina... gazta oso ona dugu!". Mixel Etxekoparren hitzak dira, Hebentik Kultur Elkarteak Azpeitiko Kultur Mahaia Maulen gustura hartuko duela erakusteko esanak. Zubi sendoak eraiki ziren igandean, Hebentiken eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren artean. Pilotan, dantzan, bazkaritan eta kantuan, egun osoa elkarrekin pasatu ostean, argia da ondorioa: eraikitako zubiei ezin zaie erortzen utzi.