Kultur komunitatearen sareko atari berria, martxan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko mai. 19a, 12:13

Azpeitiko Kultur Mahaiak joan den otsaileko batzarrean erabaki zuen egiteko finko batzuei berriro eustea, eta horien artean dago komunikazioa. Hala, herriko kultur komunitatearen sareko atari berria jarri du martxan: Uztarria.eus/bereziak/azpeitiko-kultur-komunitatea. Ikusgai dago aste honetatik. Lehen bazen mahaiaren webgunea, baina zaharkitua zegoen, eta itxi egin dute. 

Atari berrian, besteak beste, Azpeitiko kultur talde denen (25) oinarrizko jakingarriak daude, guztiak orri batean bilduta baina banan-banan jarrita. Beste atalak: komunitatearen ibilbidea eta ardatzak; Kulturaz kooperatiba, udal egiturak, programazio irizpideak…; eta botoiak (kultur albisteak, agenda eta bonua). 

Bestetik, kultur talde guztien, Kulturazen, Udala-Kulturaren, Udal Liburutegiaren eta Kultur Mahaiko Talde Eragilearen kontaktuekin direktorioa osatu dugu, eta aipatutako eragileei pasatu diegu. Direktorioaren kasuan, ez da publikoa.

Uztail aurretik komunikazio arloko beste pauso batzuk emateko asmoa du Kultur Mahaiak: sare sozialetan kultur ekitaldien berri ematen hasi, kultur taldeen sareko azterketa egin eta taldeen elkarrizketak egiten hasi.