Kultur taldeak (13) Dantza Suelto Eskola

"Eusten diogu Azpeitian dantza sueltoari"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko urr. 28a, 17:00
2019ko Santo Tomas Eguneko dantza suelto txapelketa, Azpeitian, Sanagustin kulturgunean / Uztarria.
Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortan, 13. alea, Dantza Suelto Eskolarekin. Luix Alberdik 40 urte daramatza irakasle lanetan. 55 ikasle dabiltza eskolan, eta hamasei txapelketetan.
Zer moduz dabiltza Dantza Suelto Eskolako ikasleak txapelketetan?
 
Ondo. Esate batera, Jone Arriaran eta Izaro Arandiak ekainean aurrenak bukatu zuten Leioan; orain dela aste batzuk, bigarren Gipuzkoako Txapelketan. Beste bigarren postu batzuk ere egin dituzte. Nagusien txapelketak bukatu dira, eta, txikienetan, azaroan Bergaran Euskal Herrikoa dugu. Abenduan Oriokoan jardungo dugu, eta abenduaren 21ean bukatuko dugu denboraldia, Azpeitian, santomasetakoarekin.
 
Ekitaldi aldetik zein duzue hurrena?
 
Santa Zezili Eguna dela eta, azaroko hirugarren astean Soreasun ariko gara, Musika Eskolarekin batera.
 
Zenbat ikasle dituzue Dantza Suelto Eskolan?
 
55, eta, horiez aparte, hamasei lagun dabiltza txapelketetan. 71 lagun dauzkat denera. Zifra ona da, eta, egia esan, gehiago ezin ditut hartu.
 
Denak azpeitiarrak?
 
Denak ez, baina bai %90 inguru. Zestoako hiru daude, Errezilgo bi, eta Azkoitiko eta Itziarko bana. 
 
Adin aldetik, zer?
 
Ikasleak 5 eta 16 urte bitartekoak dira. Txapelketetakoak, berriz, 10-16 eta 20-27 urte bitartekoak.
 
Ikasberri ikastolako gurasoei ere irakasten diezu.
 
Bai, eta muxikoak edo dantza jauzi ekitaldietara joaten gara, hara eta hona. Beste heldu batzuek muxikoak edo arin-arina eta fandangoa ikasi nahi badituzte, gurekin jar daitezela harremanetan.
 
Karmelo Etxegarai ikastetxean duzue lokala. Ondo?
 
Bai, baina obrak egitekoak dira. Ari gara udalarekin hizketan.
 
40 urte dira dantza sueltoa irakasten hasi zinela.
 
Bai, 1982-1983ko ikastaroetan hasi nintzen, eskola sortuta. Aurreko batean Mari Jose Bikendi Juan Antxieta Musika Eskolako zuzendariarekin hizketan, eta zioen haiek ere orduan hasi zirela. Datorren urtean Musika Eskolarekin zerbait berezia egitekoak gara, udaberritik aurrera.
 
40 urte hauen zer balantze egiten duzu?
 
Asko aldatu da egoera. Gaur egun eskolaz kanpoko jarduera asko dituzte ikasleek, kirol mota asko ere bai, eta gurera lehen baino mutil gutxiago etortzen da. Ikastetxe bateko arduradun batekin egon naiz azkenaldian, eskolan dantza sueltoa eman dadin; ea ateratzen den. Euskal Herri mailan azkeneko 10-15 urtean jaisten ari da dantza sueltoa. 18 urtetik gorako neska-mutilen artean galtzen ari da; unibertsitatera joaten dira, utzi egiten dute dantza sueltoa, eta gero, normalki, ez dira bueltatzen. Dena den, eusten diogu Azpeitian dantza sueltoari; ikusi besterik ez dago txapelketetan zenbat diren azpeitiarrak: bikoteen erdia pasa.
 
Zeu noiz arte irakasle?
 
Hankek uzten didaten bitartean segituko dut. Bizia ematen dit honek. Umeekin lan egitea asko gustatzen zait.
 
Dantza sueltoak zer ematen dio Azpeitiari?
 
Festatan eta egun berezietan hor izaten gara. Badugu presentzia bat, herrian parte hartze bat. Euskal dantzak bultzatzen ditugu, eta ondorengo belaunaldiei helarazten dizkiegu.
 
Dantza Suelto Eskolaren datu batzuk:
  • Sorrera: 1995.
  • Egoitza: Karmelo Etxegarai Ikastola.
  • Harremanetarako: Luix Alberdi (alberdiluis@yahoo.es).
  • Informazio gehiago, hemen

Azpeitiko kultur taldeen elkarrizketa sortako aurreko aleak: