Elkarretaratzea, Erregistro Zibilaren pribatizazioaren kontra

Uztarria.eus 2014ko api. 10a, 12:28
Erregistro Zibil publikoaren alde, elkarretaratzea egin dute gaur, osteguna, Azpeitiko epaitegiko langileek, Euskadiko Justizia Administrazioko sindikatuen plataformak deituta. 10:00etan hasi dute kontzentrazioa epaitegiaren aurrean, "lan postuen eta zerbitzu publikoen defentsan" (argazkian). Justizia arloko LAB, ELA, CCOO, UGT eta CGT sindikatuek azaldu dutenez, Justizia Administrazioaren eta Erregistro Zibilaren pribatizazioak hainbat zerbitzutan-eta eragingo du: auzitara jotzeagatik tasak ordaidu beharko dira; Bake Epaitegiak eta Erregistro Zibilak deuseztatuko dituzte; hiriburuetakoak ez diren herrietako zerbitzu judizialak urrunduko dira; jaiotzak, heriotzak, tutoretzak, dibortzioak, adopzioak... inskribatzea ordaindu beharko da eta jaiotza, heriotza edo ezkontza egiaztatzen duen agiri bakoitza ordaindu egin beharko da.
 
Martxoaren 13an ere egin zuten elkarretaratzea Azpeitiko epaitegiko langileek, eta joan den ekainean ere salatu zuten justizia administrazioko langileek zerbitzuaren pribatizazio arriskua.