Eguna: 1-18

  • 2021-1-18. Euskadiko Triatloi Federazioko presidente izendatu zuten Iban Perez Azpeitiko bizilaguna.
  • 2012-1-18. Sanagustin kulturguneko mediateka inauguratu zuten.
  • 2012-1-18. Iker Iparragirre azpeitiar presoa epaitu zuten Parisen eta sei urteko zigor eskaera egin zuten harentzat.
  • 1993-1-18. Basarte industrialdea inauguratu zuten.
  • 1979-1-18. Zinegotzi gehienak agertu ez zirelako ezin izan zuten udalbatzarra egin.
  • 1967-1-18. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskaini zuen Zelaitxo antzokian.
  • 1966-1-18. Ontzat hartu zuten zaborrak erretzeko labea egiteko proiektua, Diputazioari diru laguntza eskatuz.
  • 1960-1-18. Errege magoen kabalgata kaleratzen zuelako Oargi Taldeari 2.500 pezeta ematea erabaki zuen Udalak.
  • 1915-1-18. Galo Barrenari askatasun osoa eman zioten udaletxearen kanpoko obrak egiteko, batez ere lehen solairuko leihoak zabaltzeko, beste batzuk irekitzeko eta abar.
  • 1886-1-18. Kaleetako farolak noiz piztu eta itzali behar ziren ardura zedin zinegotzi bat izendatu zuten.
  • 1881-1-18. Apezpikuak Nuarbe auzoan igande eta jai egunetan izan ohi zen meza debekatuta zuen eta Udalak berriro baimena eman zezan gestioak egitea erabaki zuen.
  • 1852-1-18. Etxeetako nagusiei urte honetako San Juan eguna bitartean uraren hodiak jartzeko epea zabalik zela adieraztea erabaki zuten.
  • 1842-1-18. Espartero erregeordeak herriari San Agustin komentua eman zion.
  • 1782-1-18. Udaltzainak piztu eta itzaltzen zituzten herriko kaleetan ziren farolak, eta Udalak erabaki zuen 60 erreal gehiago ordaintzea egiten zuten lan horregatik.
  • 1743-1-18. Parrokiko patroi Granadako Dukeari idaztea erabaki zuten, aldare nagusiaren alde batean Inazio donearen aldare itxurazko bat egiteko eskatuz.
  • 1696-1-18. Jeronimo Sarasua maisuari parrokiaren atzean zegoen iturrian konponketa lanak egiteko eta, bide batez, uhaska garbi zezan agindu zioten.
  • 1696-1-18. Herriko dorrean konponketa lanak egitea erabaki zuten, batez ere bertan zen ordulariari estalpea jarri eta teilatua txukunduz. Barnean zituen ohol zaharrak aldatzea ere eskatu zioten Juan Larraar erregidoreari, behar zen egurra inguratuz horretarako.
  • 1640-1-18. Alonso Idiakezek herriari behar ziren hainbat zuhaitz landatzeko adierazi zion, gogoan izanik landatu gabe uzten zen bakoitzeko agintari bakoitzak bi erreal ordaindu beharko zituela, erregeak horrela aginduta zuelako. Neurriak hartzen hasi aurretik, eta ahalik eta azkarren, beharreko landaketak egitea eskatu zuen. Batzorde bat izendatu zuen herriak, derrigortuta zeudenek berehala zuhaitzak landa zitzaten, eta eskribauak kontuak hartuko zituen.
  • 1592-1-18. Frantziskotarren Ordenako jeneralari denboraldi baterako Frantziskanetako lekaimeekin gordetzea eskatzea erabaki zuten.
  • 1551-1-18. Errekalde errementeriko Sebastian Makibar nagusiak erosi zuen Gorostegi edo Putzuezkutueta deitutako mendia.
  • 1348-1-18. Herriaren harresiaren kanpotik eta sarreraren ondoan, Otalora alkatea, herritar gehiengoa eta Azpeitiko lurraldean bizi ziren beste 85 lagun bildu ziren eskribauarekin bat eginik, eta azken horiek adierazi zuten zeukaten guztiarekin Salvatierra herriko biztanle eta herritar izan nahi zutela eta bere arauak ontzat hartzen zituztela. Eta haiek bezala, beraien seme, biloba eta ilobak denbora guztirako, eskatuz guztia jasotzen zuen idatzia Alfontso erregeari bidaltzea, ontzat har zezan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan