Eguna: 2-27

  • 2013-2-27. 'Garoa taldea. Aurrera Zuru' Realeko peña aurkeztu zuten.
  • 2012-2-27. Iker Iparragirreri harrera egin zioten. Espainiako justiziak aske utzi zuen bezperan, ETAren logistika taldeko kide izateagatik Frantzian kondena bete ondoren.
  • 2011-2-27. Iñaki Azurmendik eta Aitzol Atutxak irabazi zuten Izarraitz frontoian jokatu zen Urrezko Aizkoraren binakako finala.
  • 1939-2-27. Guardia Zibilaren kuartela izandako enparantza nagusiko etxea saltzea erabaki zuen herriak, enkantean jarriz 90.000 pezetako prezioan.
  • 1926-2-27. Musika Bandari 125 pezeta ematea erabaki zuten, 'Plus Ultra' deituriko pilotoek Buenos Airesera (Argentina) iritsi zireneko ospakizunean parte hartu zutelako, baita Urola trenaren inaugurazioan ere.
  • 1926-2-27. Jakin ezinezko helburua zuten jaialdi eta omenaldietan zenbait herritarren jokaera salatu zuten agintariek. Askotan egiak ez ziren albisteak zabaltzen ahalegintzen zirela egotzi zieten, elkarren artean haserrea eta iskanbila sortuz.
  • 1922-2-27. Marokon ziren herritar soldaduei otsailaren 23an jokatutako apustuan lortutako irabazia bidaltzea erabaki zuten.
  • 1907-2-27. Parrokiko dorrean eginiko lanak sortutako defizitari aurre egiteko, 500 pezeta ematea erabaki zuten, zozketarako 250 txartel erosiz.
  • 1905-2-27. Aldakaiz ermitatxoan konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1889-2-27. Baldintza batzuen bidez, herriaren okindegi erregulatzailea enkantean jartzea erabaki zuen herriak.
  • 1873-2-27. Azken Karlistadan herriaren ondasun guztiak lur jota gelditu zirela esan zuen alkateak. Auzo bakoitzean ordezkariak izendatzea erabaki zuten, behar hainbat ganadu prestatuta izateko herrira zetozen soldaduei janaria eskaintzeko. Alkatearen lehen deialdia jasotzean ganadua hiltegira ekartzeko prest izan behar zuten ordezkariek, eta herria gai izatean kobratuko zuten egindako lana; bitartean diruzainak emango zieten beharrezko agiria.
  • 1847-2-27. Edariei nahasten zizkieten osagarri arriskutsuen berri jakitea erabaki zuten, herritarrei behar bezala erantzuteko, batez ere osasunari begiratuz. Bide batez, ardoa dastatu eta prezioak jartzea erabaki zuten.
  • 1695-2-27. Herrian urarekin nahastuta egiten zen sagardoa txarra zegoela-eta, saltzaileek prezio altua jartzea nahi zuten eta, nahiko iskanbila zela ikusita, herriak sagardoak dastatu eta behar hainbateko prezioa izendatzea erabaki zuen.
  • 1695-2-27. Suteetarako Anaitasun Elkarteko etxe eta baserrien berri eman zuten, bakoitzak zuen maila eta ordaindu beharrekoa adieraziz.
  • 1693-2-27. Suteetarako Anaitasun Elkartea osatzen zuten baserrien zerrenda eta arautegia onartu zituzten.
  • 1656-2-27. Aurreko urtean alkate izan zen Inazio Agirre jaunari auzia jarria zioten herriko agustindarrek, horien komentuan lapurreta egin zuen preso batek ihes egin zuenean. Ondorengo alkateak adierazi zuen egokia iruditzen zitzaiola Agirre jaunaren alde herriak ahaleginak egitea, honen erruz ez baitzuen ihes egin, baizik eta kartzelako alkaiderik ez zegoelako orduan herrian. Gaiari buruz Ozaeta eta Gallastegi lizentziatuek emandako iritzia irakurri zuten ondoren, eta zera jakinarazi zuten: ez zela egokia herriak parte hartzea eta bere laguntza eskaintzea. Alkateak adierazi zuen orduan unean bi preso nahiko zaindu beharrekoak bazirela herriko kartzelan eta derrigorrezkoa egiten zela alkaide bat izendatzea ahalik eta azkarren, bere gain beste auzi bat inork jarri baino lehen. Postua hartu nahi zuenarentzat, elizaren bidez deialdia egitea erabaki zuten. Bitartean, Iñigo Alzaga fidela eta Pedro Antxieta erregidorea saiatu ziren herriak nola joka zezakeen jakiten.
  • 1654-2-27. Alkateak korrejidorearen aginduaren berri eman zuen; hau da, herria egiten ari zen harategia berehala gelditu behar zela, maisu batek proiektu bat egin eta aurrekontuaren berri eman bitartean. Eta aurrez enkantean jarri behar zela, edonork aukera izan zezan langintza hori egiteko. Agindua betetzea erabaki zuen herriak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan