Eguna: 2-11

  • 2007-2-11. Azpeitiko Udal Musika Bandak eta herriko abesbatzek karnabaletarako kantuekin CDa atera eta udaletxean aurkeztu zuten.
  • 2005-2-11. Unai Lizaso atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Hiru egun beranduago aske geratu zen baldintzapean. Lagunek ongietorria egin zioten.
  • 2003-2-11. EAJren Azpeitiko Uri Buru Batzarrak maiatzeko udal hauteskundeetarako Julian Eizmendi aukeratu zuen alkategai.
  • 1985-2-11. Osasun Zentroan kontsultak hasi zituzten.
  • 1961-2-11. Bere emisioak hasi zituen Loiola Herri Irratiak.
  • 1926-2-11. Ibaieder gainean zuen lurraldean errementaria pabilioi bat altxatzeko baimena eskatu zuen Martzial Uzinek, eta baiezkoa eman zioten.
  • 1901-2-11. Urrestilla eta Aratz-Erreka bitarteko bidea konpontzeko herriak 240 errazio edo zatiko, bolbora, metxa eta abar, eta hargin ofizial bat eman zituen.
  • 1885-2-11. Joxe Inazio Arregi eta beste herritar batzuek Udalari frontoi berria egiteko eskaintza egin zioten, baldin eta herriak 6.000 pezeta aurreratzen bazituen. Baina 30 urte igarotakoan frontoia herriaren eskuetara pasatuko zen. Ez zuten inolako erabakirik hartu.
  • 1884-2-11. Zumarragatik Getarira bitarteko errepidearen planoa Diputazioari eskatzea erabaki zuten, Alzola ingeniariak beharrekoa baitzuen aipatutako bi herrien artean trenbidea nondik nora joan zitekeen ikusteko.
  • 1861-2-11. Kristina edo Iturritxiki enparantzatxoan harategia eta arrandegia egiteko planoak eta aurrekontuak onartu zituzten, obrak egitea enkantean jarriz.
  • 1835-2-11. Pedro Etxeberria Alkorniak egindako eskaerari erantzunez, bere denda Mantekape pasabideko arkupera zabaltzeko baimena eman zioten lau urterako, errenta ordainduz, erabat zikindurik eta usain txarra egoten zelako han. Baina epea amaitu ondoren, eta herriak horrela nahi zuelako, berriro aurrez bezala utzi beharko zuen pasabidea. Eskritura bat egin beharko zuen, gainera, ondorengoek jakin zezaten zer eratan utzi zioten Mantekape arkupea.
  • 1801-2-11. Sukaldeko egurra garraiatzeko Izarraitzen bide berria zabaltzea erabaki zuten.
  • 1801-2-11. Ikatza egin ahal izateko, mendiak salgai jartzea erabaki zuten, enkantean jarriz ondorengo lehen igandean.
  • 1770-2-11. Caracasko (Venezuela) Erreal Konpainiaren izenean, Juan Nikolas Erauskinek, 500 eta 600 tonako itsasontziak egiteko egur eskaera egin zuen. Baina herriak, herrian behar handiak zirela-eta, baimenik ezin ziola eman erantzun zion.
  • 1694-2-11. Parrokiko erretaula nagusia egitearen zati bat ordaintzea agindu zuten.
  • 1689-2-11. Diputazioak, frantziarrek bakea moztuko zuten beldurrez biztanle guztiak prest egoteko albistea pasatu zutenean, herritar eta biztanle guztiei elizaren bidez jakinaraztea erabaki zuen. Lehen deialdian, berehala agertuko beharko zuten herritar eta biztanleek, bestela 1.000 maraiko isuna izango zuten jatorrizko herritarrek eta 500ekoa biztanleek, zigor handiagoak eta kartzela izango zuten managaitzak. 18tik 60 urte bitartekoek prest egon beharko zuten euren arma, libera, bolbora eta abarrekin.
  • 1689-2-11. Torileko burdinsarea egiteko, bere burdinolan lantzen ari zen 25 kintale burdin gordetzeko eskatu zioten Frantzisko Bikuñari.
  • 1665-2-11. Aldare nagusiaren Ebanjelio aldean, Errosarioko Andre Mariaren erretaula bat egiteko Hilario Zabalia arkitektuarekin eskritura egin zuten Urrestillako bikarioa zen Frantzisko Korta eta Errosarioko Andre Mariaren kofradiako buru Pedro Urangak.
  • 1656-2-11. Sagardo saltzaileek pitxarra 12 maraiko prezioan ez zutelako saldu nahi, 14ra altxatu zuten agintariek urte guztirako.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan