Eguna: 6-30

  • 2018-6-30. Azpeitiak esku pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen, Ataun 2 eta 1 mendean hartuta, Donostiako Atano III.a frontoian. Zazpigarren txapela Ilunpe elkarteko pilotarientzat, laugarrenna jarraian.
  • 2018-6-30. Joseba Albizu txirrindulariak bigarren urtez jarraian irabazi zuen Europako Ultramaratoi Txapelketa, Vielhan (Aran bailara, Okzitania).
  • 2012-6-30. Rikardo Arregi Kazetaritza Berria Saria jaso zuen Miren Garate Berriako azpeitiar kazetariak.
  • 2011-6-30. Oihane Amenabarrek Salamancako (Espainia) Genero Beltzeko Ipuin Laburren I. lehiaketaren saria jaso zuen, 'Creación infantil' lanari esker.
  • 2001-6-30. Urolako Gay eta Lesbianen Elkarteak kalera begirako lehen pausoa eman zuen.
  • 1991-6-30. 'Odriozola' abizena zutenen bilera egin zuten Loiolan.
  • 1983-6-30. Udalak erabaki zuen lokalak eskaintzea jubilatuen egoitza handitzeko. Udalak berak ordainduko zituen gastuak.
  • 1983-6-30. Loiolako Santutegiaren aurreko aldea egokitzeko Joxe Inazio Lizasasoro arkitektuak aurkeztutako proiektua onartu zuten.
  • 1977-6-30. Udalak aho batez erabaki zuen Circulo del Movimiento zuzentzen zutenei Plaza Txikiko 1. zenbakiko hirugarren solairua hamar egunen barruan hutsik uztea adieraztea. Horrela egin ezean herriak gestioak egingo zituen beste era bateko neurriak hartzeko, unean desagertuta baitzen aipaturiko elkartea.
  • 1977-6-30. Silbestre Otamendik alkatetza utzi zuela adierazi zuten, eta haren teniente Agustin Pratek hartu zuen kargua bitartean.
  • 1902-6-30. Zinegotzi batek adierazi zuen Azoka plaza estalia amaitzear zirela eta herriaren eskuetara pasatuko zela uztailaren lehen egunean. Inaugurazioa ospe handiz egitea proposatu zuten eta, beraz, aurrez kontratistari agindu zioten ibaiko oztopo guztiak kentzea eta Harzubitik Ibaiederren gainean zen zubirako bidea egokitzea, baita zelai txikia ere. Ahalmena eman zioten alkateari kontratista eta erretorearekin harremanetan jartzeko eta zerbait antolatzeko inaugurazio egunerako.
  • 1868-6-30. Zumaian egingo ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiei eskaera zuzentzeko garai egokia zela irudituta, Loiolako ezker aldeko obraren jarraipenerako prestatu zen txostenaren berri eman zuten. Onartu egin zuten.
  • 1826-6-30. Herriak osatu beharreko Gipuzkoako tertziorako 52 baioneta eta ofizialak eraman behar zituzten sableak falta ziren. Alkateari Baionan edo beste nonbait horiek inguratzeko baimena eman zioten.
  • 1823-6-30. Jesuitak berriro Loiolara itzuli ziren.
  • 1776-6-30. Batzordea izendatu zuten Gramatika ikasleek izan beharreko arautegia idatziz aurkezteko. Araudiak ikasketak egitean eta kalean nola jokatu behar zuten jasoko zuen, herritar jatorrak izatera irits zitezen.
  • 1766-6-30. Loiolako Santutegiaren inguruan Inazio Ibero Erkizia maisua hil zen.
  • 1740-6-30. Utzitako neskatxo bat aurkitu zuten gaueko hamarretatik hamaikak bitartean agustindarren sarrerako leihoan. Neskatoak papertxo bat zuen, bataiatua zela eta Maria Madalena zela bere izena zioen bertan.
  • 1740-6-30. Utzitako beste mutiko bat aurkitu zuten gauean Urrestillan, papertxo bat zuela, bataiaturik dela esanez, eta izena Juan Bautista.
  • 1687-6-30. Bixente Bardusain Tuterako maisu pintorearekin parrokiko erretaula nagusiko mihiseak margotzeko kontratua egin zuten.
  • 1563-6-30. Ordenantza bat onartu zen hamabost urtean Larrar eta Gallai basoetan zuhaitzik ez ebakitzeko agintzen zuena. Herriko lurraldean ziren haritz eta gaztainondoak ere ebakitzea debekatu zuen ordenantzak.
  • 1315-6-30. Alfonso erregeak herriari emandako pribilegioak konfirmatu zituen Burgosen (Espainia).

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan