Eguna: 6-3

  • 2017-6-3. Joseba Albizuk BTT Ultramaratoiko Espainiako Txapelketa irabazi zuen.
  • 2014-6-3. Gazte lokalak arautzeko ordenantza behin betiko onartu zuen Udalak.
  • 2005-6-3. Erdi kalean, etxe berriak egiten ari zirela, aldameneko etxe zaharra pitzatu eta mugitu egin zen. Egun osoan kalea itxita egon zen, eta horma erortzeko zorian.
  • 1971-6-3. Gure Ametsa Elkarteak San Juan bezperan San Juan sua egin eta txistularien emanaldi bat izateko baimena eskatu zuen. Udalak baietza eman zion, baina gobernadorearen baimena lortu beharko zuela adieraziz.
  • 1957-6-3. Oargi taldeak aurkeztutako egitaraua onartu zuten; horrela, herri jaietan Euskal Festa antolatuko zen. Herriko programan bere berri emango zuten, baina gerorako utzi zuten diru laguntza eman zitekeen ala ez erabakitzea.
  • 1912-6-3. Musika Bandak ez zuenez onartu arautegi berria, Azpeitiko Udalak taldea desegitea erabaki zuen.
  • 1901-6-3. Frantzisko Altuna izendatu zuen Udalak Azoka plazako obrak zaintzeko ikuskari.
  • 1901-6-3. Azoka plazako kontratista Martin Altunari baimena eman zioten zelai txikiko sei zuhaitz ebakitzeko. Baina lanak amaitzean berriak sartu beharko zituen.
  • 1901-6-3. Alkateak adierazi zuen udaletxea txukuntzeko garaia iritsi zela. Lehenik arkupea egokitzea erabaki zuten.
  • 1889-6-3. Julian Arzamendi Larrea jaio zen. Erremontean txapeldun handia izatera iritsi zen.
  • 1820-6-3. Herri milizia nazionalaren arautegia bidali zuen Politiko Nagusiak. Bertan, milizia martxan jartzeko armak, janzkiak eta abar behar zirela zehaztu zuen. Herriari ezinezkoa zitzaion gastu horiek ordaintzea, udal langileen soldatak ere ezin zituen-eta ordaindu. Beraz, Politiko Nagusiari galdetzea erabaki zuten nondik eta nola lortu behar zuten dirua milizia martxan jartzeko.
  • 1810-6-3. Miguel Pizarrori eskerrak emanez idaztea erabaki zuten, herriak zituen larrialdietan laguntzeko sei mila erreal aurreratu zituelako. Beste gutun bat idatzi zioten Tolosako komandanteari, honek berriz ere militar betepena ezerezean utz zezan eskatuz.
  • 1797-6-3. Ohiko eran Donostiako Udalari idaztea erabaki zuten, bere klarineroak bidal zitzan herrira hemen Gipuzkoako Batzar Nagusiak ospatzen zirenean.
  • 1761-6-3. Luis Foncueba maisuak amaitu zituen parrokiko sakristia eta Elola kaperaren ate gainerako apalen urreztatze lanak.
  • 1689-6-3. Anardiko Juan Larraar zurgin maisuak eta Inazio Etxabe harginak osatutako txostenaren berri eman zuten. Bertan, hondamenean ziren etxeei buruzko euren iritzia agertzen zen. Etxe horien jabeei albistea ematea erabaki zuten eta hogei egunen barruan konponketa lanak egin zitzatela agindu zieten.
  • 1672-6-3. Parrokien bidez deialdia zabaltzea erabaki zuten, herritar eta biztanle guztiak armekin bil zitezen Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean. Azaltzen ez zenak, 500 maraiko isuna ordaindu beharko zuen.
  • 1642-6-3. Diputazioak bidalitako gutun baten bidez, erregeak eginiko eskaeraren berri eman zuten. Bertan, probintzia osoko 500 soldaduren zerbitzua eskatu zuen erregeak. Gai garrantzitsua zenez, Azkoitiko ordezkariari bilera baterako deia luzatzea erabaki zuten. Bilera Loiolan egingo zen, Azkoitiko ordezkariak nahi zuen ordu eta lekuan. Horrela iritzi bateratu bat agertuko zioten Diputazioari.
  • 1640-6-3. Aurreko egunean erabaki bezala, herriak honako kargu aldaketak onartu zituen konpainian: IƱigo Alzaga alkatea kapitain izango zen; Antonio Altuna, orain arte fiela zena, alferiz; Martin Agirre, erregidorea zena, sarjentu; eta Tomas Alzaga erregidorea zirujau izatera pasatuko zen. Handik aurrera Martin Etxeberria joango zen danborrari bezala eta Inazio Olarte txibulari bezala.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan